Beatriz Loreti, Astrako antzerki eskolako zuzendaria: «Antzerki eskola epe luzeko proiektua da»
Bihar bukatuko da antzerki eskolan izena emateko epea; klaseak laster hasiko dira. Beatriz Loreti (Buenos Aires-Argentina-, 1952) argentinarra Gernika-Lumon bizi da. Bere jaioterriko antzerki talde independente batean hamabi urte eman zituen lanean. Zuzendari-laguntzailea izan ostean hiru antzezlan zuzendu ditu.
Nola sortu da Astrako antzerki eskola?
Kasualitate bat izan da. Hona etorri eta Astratik pasatzen nintzenean gazteek proiekturen bat zutela ikusten nuen. «Antzerki tailer bat sortu behar badut bertan egingo dut», pentsatu nuen. Semearen bitartez jarri nintzen Astrako gazteekin harremanetan. Astrako jendeak proiektu honekin ilusio ikaragarria du. Izan ere, hemen antzerki eskolarik ez dagoela ematen du. Hasieran hirugarren adinekoentzako ere tailer bat sortu nahi nuen, baina dagoeneko badaude talde bi: jubilatuena, eta Emakidekoa. Nik dakidanez, gazteek ez dute antzerkia egiteko aukerarik.
Zer ikasi ahal izango dute parte-hartzaileek?
Lehenengo eta behin antzerki munduaren inguruko sarrera bat, inprobisazioaren bitartez pertsonaiak intrerpretatzea, antzerkiaren historiako autoreen ezagupena... Batez ere, kontua antzerkizaletasuna zabaltzea da. Gazteen antzerki eskola batzuekin harremanak egin gura ditugu, batez ere lan egiteko modua ikasteko. Ikasleekin inguruan aurkezten diren antzezlanak ikustea ere gustatuko litzaidake.
Nolako antzerki mota sustatu gura duzu?
Kutsu independentea duten antzezlanak, sormena lehenesten dutenak. Mezua, katarsia, pentsarazten duen zerbait izan behar du obrak. Antzezlana ez da izan behar eskura ematen dizuten zerbait, norbera hasi behar da ikertzen. Horretarako, lehenengo zaletasuna bultzatu behar dut. Epe luzera begira egindako proiektua da, ni ez nagoenean ere antzerki zaletasunak beste irakasle batekin jarraitzeko.
Obrak euskaraz antzezteko asmorik al duzu?
Ez, ez dut hori aurreikusi, baina ez nuke horretarako arazorik izango. Euskal antzerkia egitea pentsatu dut, baina ez du zertan euskarazkoa izan behar. Niretzat euskarazko obrak zuzentzea zaila izango litzateke, baina ez ezinezkoa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: