Prentsaurrekoa - Agiria - Bilbo, 2011-10-15
Jendarte osoari egiten diogu parte hartzeko gonbidapena, kolore
politiko eta identitarioetatik harago. Izan ere, bakea herritarren
gehiengoaren irrika da. Behin betiko bake integral eta demokratiko bat
soilik herritarren parte-hartzearekin izango da posible. Euskal
herritarrok bake eta normalizazio politikoko agertoki bat nahi dugu;
guztion norbanako eskubide zein eskubide kolektibo guztiak errespetatuak
izango diren egoera; bai giza eskubideak, bai eskubide politiko eta
sozialak.
Herritar gisa, gure herrira bakea eta normalizazioa ekarriko duen
prozesuan gure partehartzea aldarrikatzen dugu; ezin diogu bide honetan
parte hartzeko dugun eskubide eta betebeharrari muzin egin. Bakean
izango den Euskal Herria normalizatu bati atea irekiko dion giltza izan
nahi dugu.
Honakoa da Gernikako Akordioak euskal jendarteari eskaintzen dion bakea:
- Integrala, gatazka politikoaren ezaugarri guztiak kontuan hartu eta erantzuna ematen dielako.
-Demokratikoa, pertsona guztien eskubideekiko errespetuan eta akordioan oinarritzen delako.
- Galtzailerik gabeko bakea, irabazle bakarra dagoelako: euskal jendartea. Premisa horietatik hiru helburu nagusi lortu nahi ditugu: indarkeria guztien behin betiko desaktibazioa eta biktima guztien errekonozimendua; euskal preso politikoen egoeraren hobetzea; eta aukera politiko guztien legeztatzea.
Gure helburuak argi dauzkagu eta era berean, Gernikako Akordioaren edukiak era maioritarioan bere egiten dituen euskal jendartearen babesa dugunaren jakitun gara. Horregatik, ez gara errepikatzeaz nekatzen; jendartearen parte hartze masiboaren bidez lortu nahi ditugu gure helburuak. Jendartearen eskutik iritsi asmo dugu orain arte iritsi ez garen esparru politiko, sozial eta sindikaletara; Euskal Herriko, Estatu espainiarreko eta Europar Batasuneko arlo instituzionalean aritu ahal izateko.
Gernikako Akordioak egiten duen bake eta normalizazio proposamena da Euskal gatazka politikoaren behin betiko aterabideari eusteko egun mahai gainean dagoen proposamen bakarra. Era berean, bere edukiak jendartearen xedeekin bat datozela deritzogu.
Horregatik, hasi dugun era berean amaitu nahi dugu interbentzio hau, orain artean itxirik egon diren ateak zabalduko dituen giltzan bihurtzeko deia luzatuz euskal jendarteari. Orain, guztion ahaleginaz, zeharkatuko ditugun ateak. Bakearen, normalizazioaren eta pertsona ororen giza eskubide eta eskubide politikoen errespetu osoaren ateak.
Bake eta normalizazio egoera batean izango den Euskal Herria bat xede duen pertsona orori dei egiten diogu prozesuari bere ekarpena egin diezaion, datorren larunbatean, arratsaldeko 17:30etan, Bilboko La Casillan.