Otsailak, 26 - Ekitaldi Nazionala - Donostia
Datorren larunbatean, otsailaren 26an, Donostian, burutuko den ekitaldi nazionalerako Gernikako akordioaren sinatzaileek adostutako irakurgaia:
Bost
hilabete igaro dira jada 30 eragile politiko, sindikal eta sozial
inguruk Euskal Herrian ireki den prozesu politikoaren sendotzearekiko
konpromisoa adierazi genuenetik, "Bake Bidean: Aterabide Demokratikoen
Akordioa", Gernikako Akordioa, alegia, sinatu genuenetik.
Agiri
horrek erakusten duen bezala, lan esparru ezberdinak eta ibilbide
ezberdinak ditugun eragileok desadostasunak gainditzen eta komunean
duguna lehenesten ahalegindu gara, gure herriaren etorkizuna zehaztuko
duen une historiko honi arduraz erantzuteko, indarkeriaren behin betiko
desagerpenera eta normalizazio politikora daraman bidea, urratsez
urrats, betetzeko; labur esanda, egoera bat non pertsona guztien giza
eskubideak, zibilak eta politikoak errespetatuak izango diren eta aukera
politiko guztiek berdintasun-baldintzetan aurkeztu ahal izango diren.
Azkeneko bost hilabeteotan, euskal egoera politikoak aurrera egin du gertaera garrantzitsu batzuei esker, hala nola, ETAk irailean iragarritako eta urtarrilean berretsitako su-eten deklarazioa, zenbait alderdik eta erakundek prozesuarekiko jarrera argitzeko egindako mugimenduak eta, batez ere, euskal gizartearen inplikazioa, agertoki politiko berriaren alde egiteko eskatu zaion bakoitzean, kalera atera baita, masiboki eta modu eredugarrian, pasa den larunbatean bezala.
Gernikako Akordioaren oinarriak honako hauek dira: bakea eta giza eskubide guztiak, eskubide zibil, sozial eta politiko guztiak, pertsona guztientzat, presoentzat ere bai.
Bost hilabete hauetan Gernikako Akordioak bere helburuak bete ditu: akordioa bera, horren aurkezpena gizartearen aurrean eta hazkundea.
Agiriaren sozializazioa, gizarteari ezagutaraztea, bere ekarpenak, ideiak eta kezkak jaso ahal izateko, gure lehentasuna izan da hasieratik, jakin badakigulako proposatzen ari garena bezalako prozesu bat posible izango dela bakarrik jendeak aktiboki parte hartzen badu.
Sozializazioa eta gizartearen inplikazioa izan dira hirugarren fasea, hazkundea, hain zuzen ere, burutzeko aukera eman digutenak. Datorren larunbatean, hilak 26, Donostiako Atano pilota-lekuan ekitaldi nazionala egingo dugu, arratsaldeko 5.30etan, akordioaren sinatzaile berriei ongietorria emateko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: