Nafarroako 123 hautetsi independente Gernikako Akordiora bildu dira
2010eko irailaren 25ean Gernikan Eusko Alkartasunak,
ezker abertzaleak, Alternatibak, Aralarrek, Abertzaleen Batasunak, sei
sindikatuk eta hainbat gizarte eragilek sinatutako akordioa jasotzen ari den
atxikimenduek ez dute etenik. Nafarroako 123 hautetsik egin zuten bat, atzo,
akordioarekin, eta itunak jasotzen dituen edukietara lotzeko deia egin zieten
Nafarroako herritarrei.
37 hautagaitza independenteetakoak dira itunari babesa jendaurrean eman berri
diotenak. Gernikako Akordioaren balioa aintzat hartu, eta indartzeko borondatea
adierazi dute: «Hautagai zerrenda independenteok ez dugu ahalegin horren
bazterrean geratu nahi», adierazi dute, akordioak indarrak batzeko erakusten
duen borondateak gatazka konpontze bidean jartzen laguntzen duelakoan. «Gure
partea jarri nahi dugu sinatzaileek martxan jarri duten ekimenean».
Gernikako Akordioari atxikimendua adierazi dieten 123 hautetsietatik 21
alkateak dira, eta gainontzekoak, zinegotziak. Hiru alkatek irakurri zuten atzo
guztien artean adostutako manifestua: Javier Erro Etxaurikoak, Juan Miguel
Zudaire Metautenekoak eta Patxiku Irisarri Etxalarkoak.
«Nafarroa, Euskal Herria, aldaketa politikorako garaiak bizitzen ari da», diote
hautetsi independenteek. «Herritarrek itxaropen eta ilusioarekin begiratzen
diete azken urteko mugimendu politikoei». Euskal Herria «bake eta demokraziaren
bidean dagoen ziurtasuna» da itxaropen horren arrazoia, hautetsi nafarren
ustez, eta Gernikako Akordioan adierazitako borondatea dago horren oinarrian.
Eskerrak eman dizkie, hargatik, akordioaren sinatzaileei; «Euskal Herriaren
alde horren lanabes erabilgarria jartzeagatik». Bide horretan sakontzeko eskatu
diete, gainera, eta horretarako babesa eskaini.
Itunaren puntu «guzti-guztiak» bere egin dituzte, beraz. «Sinatzaileek bezala,
ETAri bake konpromisoaren alde pausoak ematen jarrai dezala eskatzen diogu»,
esan dute. «Sinatzaileek bezala, estatuei ere bake bidean pausoak ematen has
daitezela eskatzen diegu». Izan ere, hautetsi independenteen ustez, «bada
garaia errepresioa albo batera uzteko eta bakean oinarritutako geroa eraikitzen
hasteko».
Nafarroako herritarrei ere mintzatu zaie, bide horretara gehi daitezela
eskatzeko: «Gure auzokideei zein nafar jendarteari eskatu nahi diegu dagoeneko
martxan dagoen bake eta demokraziaren aldeko olatuari gehitzeko, egunez egun
handiagoa izan dadin».
Halaber, Nafarroako gainontzeko hautetsi independenteengana ere jo dute,
ekimenarekin bat egin eta euren atxikimendua eman dezaten proposatuz.
Gernikako Akordioari babesa erakutsi diotenek, bestalde, haien hautesle
zerrenden izenean zein euren herrien izenean bidea indartzeko lan egingo dutela
hitzeman dute, «gure indarrarekin gure herritarrak ere bide horretan inplika
daitezen».
Konpromisoa betetzeko lehen urratsa zein den ere erabaki dute babesleek: atzo
plazaratutako akordioa nork bere herriko gutunontzietan zabalduko du.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: