Milaka lagunek salatu dute Espainiaren jarrera Iruñean

gernika_usurbil 1456133198945 GERNIKA-USURBIL | 2011-01-22 23:33

Espainiako Estatuaren jokabidea salatu dute gaur Iruñean milaka lagunek, manifestazio nazional batean, Gernikako Akordioko sinatzaileek deituta. Bake bidea, aterabide demokratikoak orain, atxiloketa gehiagorik ez! lelopean, 17:30ak aldera hasi da martxa, Golem zinema aretoen aurretik. Eragile politikoen artean bertan zeuden, besteak beste, Rufi Etxeberria eta Marian Beitialarrangoitia (ezker abertzalea), Patxi Zabaleta eta Txentxo Jimenez (Aralar), Pello Urizar (EA) eta Oskar Matute (Alternatiba).

Manifestazioa hasi aurretik Beitialarrangoitiak adierazi du ezker abertzalea ez dela "milimetro bat" ere mugituko egin duen apustu politikotik, eta Espainiako Estatua, beraz, "oker" dabilela bestelakorik lortu nahi badu. "Estatuak zenbat eta biolentzia gehiago, orduan eta prozesu gehiago. Biolentziarekin segitzen badu, Euskal Herria aurrez aurre izango du".

Gernikako Akordioko sinatzaileek asteazkenean deitu zuten gaurko manifestazioa. "ETAk urtarrilaren 10ean ezagutarazitako su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarriaren ondoren, Estatuak ere urratsak egin behar ditu, Euskal Herria bake eta normalizazio politikorantz egiten ari den bidean oztopoak jarri beharrean. Are gehiago: gure ustez, euskal herritarron aurkako [astearteko] sarekadak Euskal Herrian abian den prozesu demokratikoa oztopatzea eta galaraztea du helburu", zioten prentsaurrekoan.


Utzi iruzkina: