Milaka eta milaka lagun bildu dira Bilbon epaiketa politikoen kontrako manifestazioan
Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auzian ezarritako epaia salatzeko milaka eta milaka lagun bildu dira gaur arratsaldean Bilbon. Epaiketarik ez, zigorrik ez, eskubide guztiak guztiontzat lelopean abiatu da, Casillatik, 17:25etan —17:00etarako zegoen deituta hasiera—. Martxa hasi aurretik Autonomia kalea beteta zegoen.
Martxan izan dira, besteak beste, Rufi Etxeberria, Maribi Ugarteburu, Tasio Erkizia eta Iñigo Iruin (ezker abertzalea), Rebeka Ubeda eta Iñaki Aldekoa (Aralar), Pello Urizar eta Rafa Larreina (EA), Oskar Matute (Alternatiba), Martin Garitano (Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bildu), Mertxe Colina (AB), Adolfo Muñoz (ELA), Ainhoa Etxaide (LAB), Jesus Uzkudun (CCOO-Euskadi)...
Independentzia eta euskal presoak kaleratzeko eskatzen aritu da jendea. Kukutza Bilboko Errekalde auzoko gaztetxearen aldeko pankartak ere egon dira —atzo eraitsi egin zuten, epaileak aginduta—, eta manifestariek babesa agertu dute.
18:15ean heldu dira bukaerara, udaletxe aurrera, eta Arnaldo Otegiren eta Bateraguneko auziko beste zigortuen izenean gutuna irakurri du Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak. Hasitako bideari segitzeko deia egin dute Otegik-eta. "Gure estrategi berrian sakontzea da erabakirik onena", diote eskutitzean, eta aurrera egiteko euskal herritarrekin eta nazioarteko komunitatearekin kontatzeko eskatu dute. Mezu baikorrak egin dituzte: "Irribarre egitea hortzak erakusteko beste modu bat da. Egin irribarre, irabaziko dugu!”.
Ugarteburuk berak manifestazioaren aurretik azpimarratu du ezker abertzaleak apustu bat egina duela eta, zigorrak zigor, ez duela jarrera aldatuko.
Martxan parte hartzeko deia egin dutenen artean daude EA, Alternatiba, ezker abertzalea, Aralar eta Erabaki —Ezker Batuko kolektiboa—, baita LAB, EILAS, Hiru, EHNE eta ESK sindikatuak ere. Eragileei dagokienez, berriz, Lokarri, ESAIT, Gazte Abertzaleak eta Ikasle Abertzaleak daude, besteak beste.
Beren atxikimendua adierazi diotenen artean daude nazioarteko hainbat sindikatu eta eragile ere: esaterako, Munduko Sindikatuen Federazioa, Naziorik gabeko Estatuetako Sindikatuen Plataforma eta Metalaren eta Meatzaritzaren Nazioarteko Elkartea. Argentinako, Brasilgo, Italiako, Saharako, Turkiako Uruguaiko, Pakistango, Frantziako, Galiziako, Kataluniako, Kanariar Uharteetako, Andaluziako, Aragoiko eta Asturiasko hainbat eragilek ere bat egin dute manifestazioarekin.
Hamar eta zortzi urteko kartzela zigorrak Bateragunen
Auzitegi Nazionalak Bateragune auzian hamarna urteko kartzela zigorra jarri zien irailaren 16an Arnaldo Otegi eta Rafa Diez Usabiagari, ETAko buruzagi direla iritzita, eta zortzina urtekoa Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacintori, etakide izatea egotzita.
Epaimahaiak dio bost zigortuak ETAren aginduetara zeudela: "ETAk
auzipetuei agindu zien ezker abertzalearen barruan zuzendaritza eta
koordinazio batzorde bat sortzeko, estrategia berria aurrera eramateko.
Estrategia hori 2008an agindu zuen talde terroristak. Indar subiranistak
batzea nahi zuen, bere agintaritzapean, prozesu independentista
bururaino eramateko, eta sozialismoa ezartzeko Euskal Autonomia
Erkidegoan eta Nafarroan".
Iruzkinak
Utzi iruzkina: