Gernikako Akordioaren sinatzaileen agerraldia - Bilbo, 2011-04-18

gernika_usurbil 1456133198945 GERNIKA-USURBIL | 2011-01-10 18:16

Gernikako Akordioa izenpetu dugun eragile politiko, sindikal eta sozial guztiok Euskal Herriko jendarteari zera adierazi nahi diogu:

Azken egunetan, larritasun handiko zenbait gertakari ezagutu dugu. Gertakari horiek guztiek euskal jendartean kezka handia sortu dute bai eta Gernikako Akordioa sustatzen dugun eragileon artean ere. Gertakariok Euskal Herria oraindik, bake eta normalizazio eszenatoki batetik urrun dagoela adierazten dute.

Gertakari horiek agerian uzten dute gatazka politikoa behin betiko era demokratikoan konpontzeko, behar beharrezkoa dela Gernikako Akordioaren ibilbide orria. Gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko alde guztien arteko elkarrizketa eta negoziazio politikoa ezinbestekoak dira. Elkarrizketa eta negoziazio politikoa, politikoki normala den eta indarkeriarik gabeko eszenatoki batean gerta daitezke bakarrik. Alegia,  Gernikako Akordioan biltzen diren eskakizun guztiak betez iritsiko da indarkeriarik gabeko eszenatokia eta normalizazio politikoa. Beraz, Gernikako Akordioak bildutako eskakizunak bete izanak elkarrizketa eta negoziazio politikoa gertatzeko baldintzak erakarriko ditu.

Aztertzen ari garen gertakariak larriak dira, gatazka politikoaren konponbidea ekarri behar duen eszenatokitik urruntzen gaituztelako. Frantziar Estatuan gertatutako tiroketa eta hartan ustezko ETAkide batek gendarme bat balaz zauritu izana oso larritzat jotzen dugu. Hala ere, oraindik ere, zer gertatu zen zehatz-mehatz ez dakigunez, bertsio ofiziala besterik ez dugu ezagutzen eta, argipenak eskatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Lehengo eguneko tiroketa Gernikako Akordioak bai ETAri bai Estatuei egindako eskakizunen aurka dator, horregatik, bertan parte hartu zuten alde biei arduraz jokatzeko eta bakerako konpromiso irmo eta atzeraezina har dezatela eskatzen diegu. Ez euskal jendarteak, ez Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile politikook, sindikalok eta sozialok ez dugu halakorik berriro gertatzea nahi.

Bestaldetik, Mikel Ibañez euskal preso politikoak aspalditik oso gaixotasun larria pairatu arren espainiar Estatuak ez zuen bere bizitza amaitu baino hilabete gutxi gelditu arte askatzea erabaki. Mikel Ibañezek eta bere senideek urteetan bizi behar izan duten egoerak espainiar Estatuaren espetxe politikak oinarrizko giza eskubideak errespetatzen ez dituela agerian uzten du.

Gazte independentisten aurkako euroaginduek eta ondorengo espetxeratzeek espainiar Estatuan,  euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen inguruan frantziar Estatuaren jarrera desegokia ezin argiago erakusten dute.

Jose Mari Sagardui Gatza espetxean 31 urte eman eta gero, bere herrian eta bere etxean normaltasunez hartu ezin izanak ez du normalizazioaren bidean aurrera egiten batere laguntzen. Errealitateak ezkutaraztea ez baita inoiz estatu demokratikoen jokabidea izan.

Datozen udal eta foru hauteskundeen atarian, beste behin agerian gelditzen da aukera politiko guztiek berdintasunean lehiatzeko duten ezintasuna. 40000 herritarri hautatuak izateko eskubidea kendu izana eskubide zibil eta politikoen urraketa larria da. Gainera, ezin dezakegu bi alderdi legalen, alegia, Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren aurkako jazarpena ahaztu.  Jazarpen horrek edozein Zuzenbide Estatuko zutabeak kolokan jarriko zituen, zeren eta espioitza politikoa besterik ez baita eta halaxe salatu nahi dugu.

Legorretan eta Gaztelun egindako atxiloketek berriro ere torturaren itzala ekarri dute Euskal Herrira. Prozesu hau abiatu zenetik gehiegitan esan behar izan eta gaur berriro errepikatu behar dugu: polizia-etxeetan eta kasernetan inkomunikazio egoerak amaitu behar dira, zeren eta inkomunikazioak tortura ahalbidetzen baitu. Aspalditik Guardia Zibilaren operazioak eta tortura basatiak sinonimo izaten dira, bada garaia uniformedun zigorgabetasunarekin amaitzeko. Normalizazio politiko eta bake eszenatoki baterantz Espainiar Estatuak berriro halakorik gerta ez dadin neurri zehatzak hartu behar ditu.

Azkenik, Euskal Herrian ugaltzen ari den mobilizazio eta ekitaldien debeku uholdeak jarduera politikoaren murrizketa dakar eta horrekin batera herritarren esku egon beharko luketen oinarrizko askatasun demokratikoak urratzea, bai elkartzeko eskubidea nola adierazpen askatasuna ere.
 
Beraz, bake eta normalizazio-eszenatoki baterantzako bidean topatuko ditugun zailtasunak ez dira txikiak izango. Baina zailtasunak zailtasun, aurrerantzean sortuko diren oztopoak guztion ahaleginez gainditu beharko ditugu. Horretan datza gure konpromisoa, horregatik Gernikako Akordioa eta hura betearazteko lana, inoiz baino beharrezkoagoak iruditzen zaizkigu. Ez dugu amore emango zeregin horretan, zailtasunak handiak izanda ere, gainditzen jakingo dugu.
 
Bide horretan:
 
1.- ETA erakundeari dei zuzena egin nahi diogu, urtarrilaren 10ean hartutako konpromisoak berresteko, konfrontazio armatuaren zikloa behin betiko amaitzeko borondatearen adierazle gisa.

2.- Frantziar Estatuari maila guztietako jazarpen oro bertan behera uzteko eskatzen diogu, egungo egoera politikoak normalizazio eta bakeranzko bidea egitea bere esku ere baitago.

3.- Espainiar Estatuari milaka eta milaka euskal herritarren oinarrizko giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak behingoz urratzeari eta bere errepresio estrategia bertan behera uzteko galdegiten diogu.

4.- Euskal Herrian sortu beharreko bake eta normalizazio-eszenatokiak ahalik eta berme gehien eduki behar dituelakoan, ETAk urtarrilaren 10ean jakinarazitako su-etena egiaztatzeko batzordea lehenbailehen eratzeko eta bai frantziar bai espainiar Estatuek onar dezatela eskatzen dugu.

5.- Euskal Herritarrei dei egin nahi diegu Gernikako Akordioa den ibilbide orriaren inguruan indarrak batzeko erabat konbentzituta baikaude oraingoa herritarren garaia dela, konponbidea gure esku dagoela.

 Zailtasunen aurrean Gernikako Akordioak itxaropenerako deia luzatu nahi du, lortuko dugu.


Utzi iruzkina: