Gernikako Akordioaren sinatzaileek su-etena berresteko eskatu diote ETAri
Bilbon agerraldia egin du gaur Gernikako Akordioak, azkeneko asteetan
"larritasun handiko" gertaerak izan direla-eta. "Bake eta normalizazio
politikotik urrun gaudela erakusten dute gertaera horiek", esan dute
itunaren izenean Edurne Iriondok eta Beñat Zarrabeitiak. Besteak beste,
Frantzian duela bi aste Poliziaren eta ETAren artean izandako tiroketa
gogoratu dute —polizia bat zauritu egin zen eta ustezko bi etakide
atzeman zituzten—.
Gernikako Akordioaren sinatzaileek "dei zuzena" egin diote gaur ETAri: urtarrilean emandako su-eten iraunkor, orokor eta egiatazgarria berretsi egiten duela esateko eta "borroka armatuaren aroa behin betiko gainditzeko borondatea duela erakusteko".
Halaber, Espainiako Gobernuari "errepresioa" uzteko galdegin diote eta Frantziakoari euskal herritarren aurkako "era guztietako jazarpena" uzteko. Gazte independentisten kontrako euroagindu eskaerak, azken atxilotuen kontrako balizko torturak, Bildu koalizioari buruzko espioitza eta Jose Mari Sagardui Gatza preso ohiari "normaltasunez" harrera egin ez izana aipatu dituzte.
Gaurko agerraldiko agiria osorik irakurtzeko egin klik hemen
Iruzkinak
Utzi iruzkina: