Gernikako Akordioaren sinatzaileak euskal presoen eskubideen inguruko aldarrikapenak helarazi nahi dizkiote Gallizori

gernika_usurbil 1456133198945 GERNIKA-USURBIL | 2011-09-13 08:07

Euskal presoen eskubideak errespetatzea eskatzeko beste urrats bat egingo dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek. Madrilera joango dira gaur; han, gaiaren inguruan dituzten aldarrikapenak jakinaraziko dizkiote Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiari, eta haiek betetzeko eskatu.

Hauxe eskatzen du Gernikako Akordioak euskal preso eta iheslariei buruz: «Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da eta». Neurri jakin batzuk ere proposatzen ditu «amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere izan ez dadin»: sakabanaketa amaitzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, epaitu zain eta «badaezpada preso» daudenak behin-behinean askatzea, legeak ezarritakoa betetzen dutenak askatzea, espetxe onurak aplikatzea eta zigorra betetzeko muga 40 urtean dagoela zehazten duen legea indargabetzea.

EPPKrekin biltzeko trabak

Akordioaren sinatzaileek jakinarazi dutenez, ordezkaritza zabal bat joango da Madrilera; eragile politiko, sindikal eta sozialen ordezkaritza zabala. Ez dizkiote qkordioan sinatutako aldarrikapenak bakarrik jakinaraziko Gallizori. Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin (EPPK) biltzeko dituzten trabak kentzea eta bilera hori ahalbidetzea ere eskatuko diote. Izan ere, EPPKrekin bildu nahian ari dira akordioaren sinatzaileak, baina Espetxe Erakundeek ez diete modurik ematen bilera hori egiteko.
 
Gernikako Akordioaren sinatzaileek otsailaren 18an jakinarazi zuten presoen kolektiboarekin biltzeko asmoa zutela, EPPK-k eskatuta, bake eta normalizazio prozesua sendotzeko asmoz, kolektiboaren ekarpenak jasotzeko. Handik astebetera, EPPK-k Gernikako Akordioaren ordezkaritza batekin biltzeko nahia agertu zuen. Bilera, baina, ezin izan dute egin, Espainiako eta Frantziako espetxeetako instituzioek «galarazi» egin dutelako harremana.

Goizeko hamaiketan joango dira Gernikako Akordioaren ordezkariak Espetxe Erakundera. Handik ateratakoan, prentsaurrekoa ere emango dute gertatutakoen berri emateko.

Egin Dezagun Bidea ekimenak larunbaterako Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia ere egingo dute Akordioaren sinatzaileek, Madrilen bertan. Ostiralean hasiko da Donostian Nazioarteko Zinemaldia, eta testuinguru horretan egingo dute presoen eskubideen aldeko mobilizazioa. Hala, Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideek ez ezik, arte eszenikoetako hainbat lagunek ere bat egin dute deialdiarekin. Besteak beste, hauek daude deitzaileen artean: Patxi Bisquert, Asier Hormaza, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Carlos Gil, Las Felini, Ainara Unanua Arizmendi, Aiora Zulaika, Ana Villarte, Andres Bezares, Ane Zabala, Belen Nevado, Catherine Merchand, Charly Mendez, Chuse Aliaga eta Eduardo Gabiña Yogurinha Borova.


Utzi iruzkina: