Gernikako Akordioaren adierazpena Enara Rodriguezen erasoaren aurrean
Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile politiko, sindikal eta
sozialok Arkaitz Rodriguez euskal preso politikoaren arreba den Enara
Rodriguezek salatutako gertakariaren aurrean gure jarrera adierazi nahi
dugu. Enara Rodriguezek bere neba Arkaitz bisitatu eta gero Donostiara
itzultzeko bidean beste kotxe baten mugimendu arriskutsuek A-12
autobiatik irtetera behartu zutela, bere bizia arriskuan jarriz.
Gainera, Enara Rodriguezek autobiatik kanpo zegoela kotxea geldiarazi
zuela kontatu zuen. Orduan lehengo kotxean zeuden gizonezkoek beraien
polizia plakak erakutsitakoan Enara kotxetik atera, ostikoka jo,
iraindu, ukitu eta bortxatzearekin mehatxatu zuten. Badirudi oso luze
egin zitzaizkion bost minutu pasa ondoren joaten utzi ziotela.
Euskal preso politikoen senideekiko eraso jarrera hau ez da berria, baina Enarak kontatutakoak muga guztiak gainditu ditu. Jarrera bortitz horiek Arkaitz Rodriguezen senideei ez ezik, gainontzeko euskal preso politiko guztien senideei ere beraien samina are handiagoa egiten diete.
Euskal preso politikoen dispertsioak Arkaitz Rodriguezen senideei, gainontzeko euskal preso politikoen senideei bezala, senidea etxetik urrun den zigor gogor hori jasateaz gain, kontroletik kanpo omen dauden “elementuen” jomuga bihurtzen ditu, Enararen testigantzak erakutsi digun bezala. Antza denez, kontroletik kanpo zeuden elementu horiek poliziak ziren.
Tamalez, ezin dezakegu kasu hau bakarra dela esan. Duela ia urtebete ETAren jarduera armatua amaitu zen eta Espainiako polizi- indarren eraso jarrera eta jazarpena, oro har, euskal herritar ororekiko eta batez ere eszenatoki politiko berri honekiko konprometituen dauden herri sektoreekiko ikaragarria da.
Espainiar estatuari bere gerra tresneria guztia indargabetu eta bere dispositibo hertsatzaile guztiak Euskal Herrian dagoen eszenatoki politiko berriarekiko egokitu ditzala. Bada garaia guztiok bake eta normalizazio demokratikoaren bidea urratzen hasteko.
Gernikako Akordioa sinatu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialok, giza eskubideekiko begirunea oinarri, bake eta normalizazio demokratikoa helburu dituen prozesu hau bultzatzeko konpromisoa berresten dugu. Horregatik euskal herritarrei gurekin batera bultzatzeko deia egiten diegu heldu den larunbatean, urriak 13, eguerdiko 12etan Donostiko Amara auzoan dagoen Gobernu Zibilaren aurrean isilpean elkarretaratzea eginez.
Elkarretaratzearen leloa “KONPONBIDE GARAIA DA. Indarkeria oro bertan behera utz dezatela”.