Gernikako Akordioak manifestazioa deitu du urriaren 22rako

gernika_usurbil 1456133198945 GERNIKA-USURBIL | 2011-10-06 16:28

Euskal Herriak konponbidea nahi du

Gernikako Akordioko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean, urriaren 22an Bilbo egingo den manifestaziorako deialdia zabalduz. Hona  Mattin Troitiñoren (Etxerat) hitzak:

Euskal herritar gehiengo zabalak konponbidea nahi du. Bakea nahi dugulako. Normalizazio politikoa behar dugulako. Giza eskubide guztiekiko begirunea nahi dugulako.


Guztiok Euskal Herriak aspalditik ezagutu ez duen bake egoera iraunkorra nahi dugu. Baina bakea eta normalizazio politikoa hain dira garrantzitsuak, ezen eta ezin ditzakegun inoren esku utzi. Herritarrok konponbide prozesu honetan parte hartu behar dugu. Guk, euskal herritarrok, prozesua babestu eta bultzatu behar dugu

Euskal Herrira ekarri nahi ditugun bakeak eta normalizazio politikoak egiazkoak eta edukiez beteak izan behar dute. Honelakoa da, beraz, Gernikako Akordioa izenpetu dugun eragile politiko, sindikal eta sozialok nahi dugun konponbidea:

 o     Integrala, gatazkaren ezaugarri guztiak kontuan hartu eta erantzuna emanez, sorburu dituen oinarri politikoetatik bere azken ondorioraino.

 o       Demokratikoa, pertsona guztien eskubideekiko errespetuzkoa eta erabakitze eskubidean oinarrituz.

 o    Galtzailerik gabekoa, benetako bake eta normalizazioak guztiok irabazle egiten gaituelako, gatazka armatuaren, inposizioaren eta diskriminazioaren aurrean.

 o     Elkarrizketatua, elkarrizketa eta negoziazioa bakea lortzeko eraginkortasunaren bermea duten bitarteko bakarrak dira

 o     Ibilbide horretan honakoak izango dira gure lehenengo mugarriak:

 o     Preso politikoen egoera hobetzea: gaixo daudenak askatzea, Parot doktrina bertan behera uztea, Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea, oro har beraien parte hartzea prozesuan errazteko  baldintzak hobetzea.

 o     Legalizazioa, aukera politiko guztiena, Sortu zein beste eragile nahiz arrazoi ideologikoengatik ilegalizatuak izan diren elkarteak.

 o     Erasoen desaktibazioa, epaiketa politiko guztiak geldiaraztea eta pertsona guztien aurkako jazarpena behingoz amaitzea.

 o     Halaber, biktima guztien errekonozimendua ere bultzatuko dugu.

Zabal ditzagun gure ateak eta izan gaitezen gu ere konponbidearen giltza

Urriaren 22an DENOK BILBORA! Euskal herritarrok konponbidea nahi dugulako

Bestalde, Iruñean gaur emandako prentsaurrekoan, euskal herritar guztiei manifestazio honetarako deia bere egin eta zabal dezaten beraien web-gunea -www.gernikakoakordioa.net- eskaini die, bertara bakoitzaren herri, hiri edo auzoaren izenarekin batera "Herritarrok ere konponbidea nahi dugu" esaldiaz lagunduta, argazkiak eta bideoak bidali eta eskegitzeko. Gaur deialdi egin duten eragile politiko, sindikal eta sozialok manifestazio hau benetan herritar guztiena izatea nahi dutela adierazi dute.