Gernikako Akordioak dio Agirreren atxiloketa «eraso larria» dela
Espainiako Poliziak Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide Oihana Agirre
atxilotu zuen ostiral gauean Donostian.
Gernikako Akordioa
sinatu duten eragileek gogor salatu dute azken atxiloketa hau. Komunikabideetara igorritako prentsa ohar batean
azaldu dutenez, «eskubide politikoen aurkako eraso larria» da Agirreren
atxiloketa, eta gisa horretarako erabakiek egungo testuinguru
politikoan lekurik ez dutela nabarmendu dute. «Bakea eta konponbidea
eraikitzeko prozesuaren aurkako erasoa da. Zigor eta atxilotze hauek ez
dute inolako heldulekurik, ez eskubideen ikuspegitik, ez justizia
ikuspegitik, ez eta demokrazia ikuspegitik ere», adierazi dute.
Itunaren
sinatzaileek gogoratu dutenez, Agirrek berak izenpetu zuen Gernikako
Akordioa AAMko ordezkari bezala, eta Donostiako Aieteko jauregian
eginiko nazioarteko bake konferentzian ere parte hartu zuen. «Azken
batean, Euskal Herrian konponbide osoa eman dadin eta bake egoera bat
ezar dadin lan egin du, akordio honetan biltzen garen beste eragile
askorekin batera».
Gernikako Akordioaren sinatzaileek babesa eta
elkartasuna helarazi diete Oihana Agirreri eta haren familiari, eta
atxiloketa hau salatzeko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko
deia egin dute. Era berean, Euskal Herrian «konponbide osoa» eman dadin
lanean jarraituko dutela hitz eman dute. «Ibilbide horretan, pertsona
guztien eskubideak errespetatuak izateak eta prozesu demokratikoa
galarazten duten egoerak desagertzeak lehen mailako erronka izaten
jarraitzen du», adierazi dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek.
Herenegun
gauean atxilotu zuten Agirre, Donostiako Egia auzoan, eta handik
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara eraman zuten. Haren auzia eta
beste hainbatena salatzeko antolatutako ekimen baten bezperan atxilotu
zuten Agirre.
Azaroan berretsi zuen Auzitegi Gorenak aurretik
Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka ezarritako zortzi urteko
kartzela zigorra. Handik aurrera une batetik bestera atxilotuko zuten
jakitun zen Agirre.
Azken egunetan hainbat ekimen egin dituzte
Donostia inguruetan auzi hori salatzeko. Egia auzoko frontoian esaterako
—auzo horretakoa da Agirre—, jendetza bildu zen iragan asteburuan.
Aste honetan bertan ere alor askotariko hainbat lagunen babesa jaso zuen
Agirrek, eta haren aurka egindako «epaiketa politikoa» salatu zuten.
Giza harresia
Eleak
eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak antolatuta, Agirreren
auzia eta beste hainbatena salatu zuten atzo arratsaldean Donostiako
auzitegiaren aurrean, Egia auzoan. Hara gerturatutako herritarrek «giza
harresi» bat irudikatu zuten epaitegiaren aurrean. Guztien izenean,
Eleak-eko bozeramaile Joxean Agirrek hitz egin zuen. Abian diren auzi
«bidegabe» guztiak bertan behera uzteko eskatu zuen, eta «lan politikoa
soziala eta eskubideen aldekoa egin nahi duten herritarrak» aske uzteko.
Iruñean,
berriz, eserialdia egin zuten Josu Esparzaren euroagindu eskaera
salatzeko. Hura atxilotzeko agindu zuen Frantziako Justiziak azaroan.