'Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain!' lelopean, milaka herritar bildu dira Gernikako sinatzaileekin batera
Milaka eta milaka lagunek aldarrikatu dute, beste behin, Sorturen
legalizazioa. Berriz ere, Bilboko kale nagusiak bete dituzte proiektu
politiko guztiak legeztatzeko eskatuz, normalizazioa aldarrikatuz, eta
bakeranzko prozesua bultzatzeko prestutasuna erakutsiz. Asko, eta
askotarikoak bildu dira Bilbon, isilean, Sortu legeztatzeko eskatuz
egindako bigarren nazio manifestazioaren leloa eskuetan hartuta: Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain!. Usurbildik ere autobus bat joan zen zitara.
Gernikako Akordioak 17:30erako jarria zuen hitzordua Bilboko Casillan. Ordubete lehenago, jende multzoak bildu ziren inguruetan. Martxa abiatzeko ordu erdi falta zenean, akordioaren sinatzaile diren alderdietako ordezkariek hartu zuten hitza, banan banan, hedabideei nork bere irakurketak helarazteko. Politikari asko bildu ziren inguruan, eta harreman estua erakutsi zuten alderdi desberdinetako buruen artean; konplizitate handia, zenbaitek. Pello Urizar EAko idazkari nagusia, esaterako, luze eta adeitsu aritu zen Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kidearekin. Oskar Matute Alternatibako buruarekin ere aritu zen elkarrizketan Goirizelaia. Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoa, Mayorga Ramirez EAkoarekin; Jose Ramon Etxebarria Urizarrekin...
Horiez gain, ezker abertzaleko Marian Beitialarrangoitiak parte hartu zuen manifestazioan, baita Unai Ziarreta eta Rafa Larreina EAko kideek, Patxi Zabaleta eta Oxel Erostarbe Aralarrekoek, Jonathan Martinez Alternatibakoak, eta Mertxe Colina ABkoak ere, besteak beste.
Gizarte eragileetako kide ugari ere izan ziren: Mattin Troitiño Etxerat-eko kidea, Iratxe Urizar Behatokikoa, Izaskun Guarrotxena Bilgune Feministakoa, Martxel Toledo ESAITekoa, eta Paul Bilbao Kontseilukoa, esaterako.
Sindikatuetako ordezkariek ez zuten hutsik egin. Martxaren lehen lerroetan egon ziren Ainhoa Etxaide LABekoa, Mikel Noval ELAkoa, Eneritz Otamendi EHNEkoa, Patxi Agirre Hirukoa, eta Ana Perez EILASekoa.
Martxa hasteko gutxi falta zenean sartu ziren lehen lerroetan Sortuko kideak. Han izan ziren, besteak beste, Maider Etxebarria, Iñaki Zabaleta eta Sonia Respaldiza, elkarrekin. Deitzaileen multzoko azken lerroa, berriz, hiru gaztek itxi zuten: gazte independentisten ikur bihurtu den eta Independentzia idatzirik duten elastiko gorriak zituzten jantzirik.
Txalo artean hasi zen manifestazioa 17:40etan, buruaren aurretik jende andana zegoela. Azken nazio manifestazioetan gertatu den bezala, horrela egin zuten hainbatek ibilbide osoa, protestaren leloa zuen pankartaren aurretik. Baina horiek ere, Picassoren Gernika koadroaren irudia eta leloa zuten kartelak eskuekin hartuta erakusten zituztela.
18:25ean iritsi zen burua udaletxera, eta eskaileretan jarri ziren lehenik Gernikako Akordioaren sinatzaileak, ondoren, txalo artean, herritarren artera jaitsi, eta azken ekitaldiari bide emateko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: