Espainiako Gobernuak egoera berriari ahalik eta azkarren erantzun beharko dio

gernika_usurbil 1456133198945 GERNIKA-USURBIL | 2012-01-05 08:22


Urtarrilaren 7an denok Bilbora!

KOLOSALA IZANGO DA


Bilbo, 2011ko abenduak 30

Gaurkoan Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialok gatazka politikoaren konponbideari dagokion urteko balantzea egin nahi dugu. Zalantzarik gabe, 2011. urtea garrantzi handikoa izan da. Aurten itxaropenaren leihoa parez pare zabaltzea lortu dugu. Bidean traba eta oztopoak izan badira ere, ilusioari oinarri sendoak jarri dizkiogu.

Gauzak horrela, balantzea egiterakoan, 2010eko irailaren 25ean Gernika herrian sinatu genuen Akordioaren baliagarritasuna berriro goraipatu nahi dugu. Orduan Gernikako Akordioa gatazka politikoa konpontzeko ibilbide-orria zela adierazi genuen, 2011. urteko jarduera horren erakusle izan dela esan dezakegu.

Gure lana Akordioak biltzen duen ibilbide-orriaren ispilu praktiko bihurtu nahi izan dugu, gatazka konpontzeko bidea erakutsiz eta prozesuaren aurkako erasoak salatuz, giza eskubide guztien defentsa irmoa egitearekin batera.

Biktima guztiekiko aitortza adieraziz urteko jarduera amaitu genuen, baina aurreko hilabeteetan Akordioa gizarteratzeaz gain, eragile sozial pila batek harekin bat egitea lortu genuen. Konponbide osoaren alde egin dugu, galtzailerik gabeko prozesua bultzatuz. Gaixorik diren presoen askatasuna, legalizazioa eta jardun politikoagatik auzipeturikoen absoluzioa aldarrikatu ditugu. Elkarrizketa politikoa sustatu dugu, guk nahi izanik ere, denekin mintzatzea ezinezkoa izan den arren. Madrilek ezarritako harresiak gaindituz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekiko harremanei ekin genien. Hartu-eman haien ondorioz, Kolektiboak Akordioarekin bat egitea prozesu honetan mugarri bilakatu egin zen.

Badira 2011 itxaropenaren urtea egin duten bi gertakizun nagusi: Aieteko Nazioarteko konferentzia, eta batez ere, ETA erakundeak hartutako erabaki historikoa, bere jarduera armatuari behin betiko amaiera emanez. Aieteko Adierazpenak gatazka osoki konpontzeko alde guztiek beren egin behar duten ibilbide zehatza biltzen du. ETAk Aieteko Adierazpenari emandako erantzunak bide horri abiapuntua eman dio. Gainontzeko eragileek, Espainia eta Frantziako gobernuak batetik, eta Euskal Herriko eragile politiko guztiak bestetik, hurrengo pausoak emateko eszenatokian daude, nahitaez. Guztion begien aurrean gehiegi luzatu den gatazka historikoa amaitzeko abagunea baitago. Aukera paregabea eta tamainako ardura. Historia lekuko, Euskal Herriko gizartea epaile.

Aurten behin eta berriz “egoera politiko berria” esamoldea entzun arren, maiz egoera berria zaharrarekiko antzekoegia begitandu zaigu. Estatuak blokeo egoerari eustera jo du. Beraien begien aurrean sortzen ari zen agertoki berria gustukoa ez balute bezala, egoera berria oztopatu nahi izan dute. Askotan iruditu zaigu konfrontazio armatuaren luzapena besterik ez zutela nahi. Frantziar estatuak zeharka baino ez dio Euskal Herriari begiratu, ardura guztiak espainiar estatuarengan utziz. Arazoa berea ez bailitzan, errepresioa era selektiboan gauzatu du. Espainiar estatuak, aldiz, prozesuaren aurka hasieratik gogor jo du, agertoki berri baten aukerak uxatu asmoz. Urte osoan ETAren su-eten iraunkor eta orokor egoeran izanda, Euskal Herrian atxiloketa politiko gehiegi salatu behar izan dugu, 73 guztira. Gazte independentisten aurkako jazarpena ez ezik, jende askoren aurkako eskubide zibil eta politikoen murrizketak ere salatu behar izan ditugu, baita atxilotze eta torturatze mehatxua ere. Eragile askok legez kanpo jarraitzen du eta tortura arriskuak indarrean dirau. Aurten 12 tortura eta 4 tratu txar psikologiko salaketa izan dira, Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatu zituzten guardia zibilen absoluzioarekin batera.

Hala ere, beste hainbat eskubidek ere urraturik jarraitu izan du. Euskal hiztunok pairatzen dugun hizkuntza zapalkuntza egoera areagotu egin da Euskal Herri osoan. Euskal herritarroi ez zaigu oraindik erabakitze eskubidea aitortzen, baina izateko eta aritzeko eskubideak Euskal Herrian zatika aitortuta ere, ez zaizkigu ia inoiz errespetatzen.

Agian egoera politiko berri honetan Estatuaren jarrera ongien ezaugarritzen duena espetxe politika ankerra da. Kalean eskubidez eta legez egon beharko luketen ehunka preso politikok giltzapean segitzen dute, zigorra erruz beteta dutenak edo larriki gaixorik daudenak kasu, baita baldintzapeko askatasuna eskuratzeko epea aski gainditua dutenak ere. Gainontzeko euskal preso politiko guztiak lehenbailehen Euskal herriko espetxeetara ekarri beharko lituzkete, Estatua beraien eskubideekin ez ezik, beraien senideen bizitzekin jolasean ari baita. Espainiako gobernuak eta Alderdi Popularrak ezin dute beraien hitzen gatibu izaten jarraitu. Euskal Herriko gizarteari aditu eta kasu egin behar diote. Agertoki berrian sendo aurrera egin dezagun, Estatuak urratsak egiten hasi behar du. Espetxe politika aldatuz, euskal preso politikoen oinarrizko eskubideak errespetatzeak lehenengo urratsa izan behar du.

Urtarrilaren 7an gu ere Bilbon izango gara, Estatuari urratsak emateko eskatuz, gatazka konpontzeko pauso berriak emanez. Urtarrilaren 7an denok Gernikatik Bilbora, amnistiaren bidean, gatazka amaitzeko presoak etxean nahi ditugulako.