OTSAILAK 19, BORROKA EGUNA

gaztegarraxia 1456133159447 Gazte Garraxia | 2009-02-18 13:27

Ostegun honetan (otsailak 19) mobilizatzera deitzen dugu euskal gazteria! Itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan jarraitu eta urrats berri bat emateko deia; independentziara lotzeko urratsa!

Lotu ZU ERE Independentziara!

2009ko euskal gazteria zapaltzen dute munduan horrenbeste gose eta miseria sortzen duen sistema kapitalistaren bi katebegi besterik ez diren estatu espainiar eta frantziarrak, eta euren akolito lana egiten duten Iruñeko eta Gasteizko gobernuek.

Nork erabaki du herri honetan Abiadura Handiko Txikizioa eragingo duen negozioaren trena eraikitzea? Nork erabaki du paperean etxebizitza eskubidea dena diruzale gutxi batzuen negoziorako ondasun izatea? Nork erabaki du hezkuntza sistemak herri honek behar dituen pertsonak hezi ordez diruzalekeriaren makinaria elikatuko duten erremintak sortuko dituela? Ez al da horien eredu patriarkala indarkeria matxista eragiten duena? Ez al da euren zapalkuntza euskara heriotzera kondenatzen duena? Nor ari da "euren krisia" langileriaren bizkar jartzen? Zerbitzu publikoak desegiten, EREen bidez langileak kaleratzen enpresariek irabazirik gal ez dezaten, ...

Eredu horren irauteko aldaketaren bidean antolatzen den ororen aurkako errepresio bortitza darabilte agintari denek. Ipar Euskal Herrian indartzen ari den mugimendu abertzalea kriminalizatuz (ostatuen auzia, gazteriaren aurkako operazioak, Batasunaren kriminalizazioa...) eta herriaren mesedera eraikitako Euskal Herriko Laborantza Ganbara bezalako proiektuak eteten saiatzen. Hego Euskal Herrian zapalkuntza eta zatiketa egoera honetatik erabakia euskal herritarren esku jarriko duen eskenatoki berriaren alde antolatzen eta borrokatzen duen ezker abertzaleari gerra deklaratuz (ilegalizazioak, torturak, razzia, politikoak...); UPN eta PNV bezalako esaneko poltronero eta diruzaleekin estatutu eta amejoramendu berriak hitzartzen dituzten bitartean. Eta zazpi euskal herrialdeetan eredu zapaltzaile honen aurrean hamaika borroka ezberdinetan antolatzen garen eta borrokatzen dugun gazteon aurkako presio polizial etengabea mantenduz (espazio askeen desalojoak, poliziaren mehatxuak, jarraipenak, isunak...)

Elkarrekin ari gara itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan. Etsaia handia da: bi estatu, hiru administrazio, hamaika diruzale eta poltronero, gezurti kuadrilek osaturiko hedabide intoxikatzaileak, milaka polizia, espetxe, irakasle itxurako diktadore frustratuak... Baina alternatiba bor-bor ageri da. Milaka gara egungo zapalkuntza, zatiketa eta ukapena onartzeko prest ez egon eta herriz herri hamaika borroketan antolatzen garenak, borrokatzen dugunak. Batean ala bestean, eredu berri baten alde, Euskal Herri berri baten alde ari gara borrokan. Sistema beraren aurka ari gara borrokan, eman dezagun urrats bat gehiago eta elkartu gaitezen alternatiba beraren alde, lotu gaitezen Independentziara!


Utzi iruzkina: