NON DA JON? Irailak 19, MANIFESTAZIO NAZIONALA

gaztegarraxia 1456133159447 Gazte Garraxia | 2009-09-16 17:26

IHESLARI POLITIKOEN KOLEKTIBOAK  EUSKAL HERRIARI

Iheslari Politikoen Kolektiboak Euskal Herriari eta, zehazki, kolektibo honen etxea den Ezker Abertzalari zuzendu nahi zatzaie, azken boladan bizitako gertakari larrien gainean irakurketa helarazteko; gerra zikina eta, bereziki, Jon Anzaren desagerketa salatzeko, eta askatasunaren aldeko gure konpromisoa eta lana berresteko.

 Hemen garen askok frankismoa ere ezagutu genuen, eta garai haietan egin genuen ihes gure jaioterritik, errepresio basatia eta tortura sahiesteko. Frankismoaren aipamena, gaur egun, ez da hutsala. Izan ere, orduan , gaur bezala, errepresialatuen aldeko elkartasun keinu oro debekatua zegoen, baita gure ikur, antolakunde eta ekimen guztiak ere. Orduan ere ezin zen
etxeko balkoitik errepresaliatuen aldeko afitxarik jarri. Ikurrina bera ere ezkutuan jarri behar genuen. Ondoren, amorruz, guardia zibilek kentzen zuten, orain euskal preso politikoen argazkiekin ertzainak dabiltzan era berean. Antolakuntza, manifestazio eta adierazpen askatasunak ukatuak ziren. Frankismoak ezartzen zituen auzapezak, herritarren bozarik gabe.
Gutako askok ez dugu inoiz boz egin gure jaioterrian. Bada gatazka politiko baten seinale.

Gerra zikina ere frankismotik hona ezagutu izan dugu. Haren azken urteetan hasi ziren iheslarien aurkako lehen ekintzak. Faxismoak monologoa erabiltzen zuen: Euskal Herria asimilatzeko ezinean, errepresio gordina, bere atal eta alor guztietan. Halere, estrategia zahar hark, behin baino gehiagotan zaharberritutako estrategia horrek, ez zuen orduan bere
helburua lortu, eta gaur ere ez du lortuko. Ez du lortuko gure herriaren borondatea makurraraztea, Euskal Herriak sarritan adierazi baitu, garbi bezain ozen, bere etorkizunaren jabe izan nahi duela. Legez kanpo egonda ere, askapen mugimendua ez zen itxurakeria birtual bat. Orduan eta orain, nazio askapeneko euskal mugimendua errealitate errotua da. Eta garai haietan bezalaxe, oraingoan ere Ezker Abertzalea deusezteko ahalegin guztiak porrot egingo dute. Adibidez, preso eta iheslariei dagokionez, errepresioen bidetik gure konpromisoa eta gurekiko elkartasuna zapuztu nahian dabiltzate, baina, aitzitik, bai gure konpromisoa bai herri elkartsuna indartu egingo dira. Azken boladan indarrean jarritako salbuespen egoeran, Batallón Vasco Español edo GAL garaietako mertzenarioen tokian, bere burua polizia espainol moduan aurkezten duten morroi armatuak agertu dira;  Juan Mari Mujikari (Nafarroa Beherean), Alain Berastegiri (Nafarroa Garaian) eta Lander Fernandezi (Bizkaian)
gertatu bezala.

Gertakari hauek salatuak izan arren, oso kezkatzekoa da eragile politikoetan eta hedabide gehientsuenetan eragindako arreta eskasa. Erakutsitako alarmarik eza horien guztien hipokresiaren tamainakoa izan da. Izan ere, indarkeriari buruzko gaitzespena behin eta berriz hitzetik hortzera erabili ostean, beste alde batera begiratu eta mutu geratu dira
oraingoan. Alarma eskasa eta erabat eskandalagarria –okaztagarria ere– Jon Anzaren desagerketaz hitz egiterakoan. Izan ere, errepresioa inongo mugarik gabe erabiltzeko hautua egin duten estatuek ezingo lukete iritsi diren lekura ailegatu, erakundeen, hedabideen eta politikarien isiltasuna izango ez balute lagun. Egunetik egunera ozenago egiten zaigu horien
guztien isiltasun konplizea.


Ezinezkoa iruditzen zaigun, aldi berean, Estatu espainolaren estoldetik jaiotako desagerpen hau gauzatzea Estatu frantsesaren babesarik gabe. Erantzule eta errudun bilatzeko orduan, Parisko Gobernuari ere so egiten diogu, inongo zalantzarik gabe.

Ikusi nahi duen ororentzat nabarmenak izan dira Alfredo Perez Rubalcaba ministroak Joni buruz botatako gezur iraingarriak. Eta oso esanguratsua da, Estatu frantsesaren erantzunkizuna argitze aldera, Michele  Alliot-Mariek, ahopeka, Rubalcabaren gezurrei sinesgarritasuna eman nahi izana, Joni benetan gertatutakoa estaltzeko asmo zikinarekin.

Beldurgarriak diren ziurtasunak ditugu. Baina, halere, esan nahi dugu, esan behar dugu, ez gaituztela ez isilaraziko, ez itsutuko, ezta etsipenaren zuloan sartuko ere. Zer garen eta zergatik garen ondo baino hobeto dagiku. Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izateko borroka zuzena delako. Justua delako, bide horretan, Marko Demokratiko baten alde
borrokatu eta lan egitea.

Ibilbide horrek gure konpromiso osoa du, eta ibilbide horretan, konpromiso berberarekin, hauxe argitzea eskatuko dugu ozen, etenik gabe:
Non da Pertur?
Non da Naparra?
Non da Popo?
Non da Jon?
Zer egin duzue gure lagunekin?
Egia nahi dugu !

Horrenbestez, dei egiten diogu euskal populuari errepresioaren aurrean isiltasunik onar ez dezan eta datorren larunbatean, Irailaren 19an,  Jon Anzaren desagerketa salatzeko, Donibane-Lohizuneko plazan elkar gaitezen.


Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!         

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa                                                

Euskal Herrian, Irailaren 12a

 


Utzi iruzkina: