GAZTE INDEPENDENTISTEN OHARRA

gaztegarraxia 1456133159447 Gazte Garraxia | 2009-01-24 10:09

Orain egun gutxi hemen bertan, Azpeitian, PNVk eta EAk egin zutenaren jarraipena da gaurko polizia operazioa. Zentsura mozio baten bitartez kendu zuten herritarrek aukeratutako Azpeitiko alkatea, eta epaile itxurako borrero baten aginduz atxilotu dituzte zapaltzailearen ordena onartzen ez duen mugimendu ezkertiar eta independentistaren ordezkaritza bat. Mundu guztian eta hizkuntza guztietan horri APARTHEIDa deitzen zaio; Estatuek erabaki dute eta buruan dirua eta boterea besterik ez duten UPN eta PNVren eskutik ari dira aplikatzen ezker abertzalearen anikilaziorako estrategia.

 

Zertarako? Iruzurra gauzatzeko. Eta zein da iruzurra? Nafarroari buruz Madrilen erabakitzen jarraitu ahal izateko, eta EAE Espainiaren baitako Euzcadi izaten jarraitzeko estatutu erreformetara mugatzea herri honen erabakitzeko eskubideaz hitz egiten duten bitartean. Nafarroan egin dute eta EAEn martxoaren 2tik aurrera egingo dute PSEk eta PNVk.

Baina galdu dute herri honekiko saiatu duten asimilazio lehia; 30 urtean hedabide ia guztiak eurek esandakoa errepikatzen egon eta gero, 30 urtean milaka euskal herritar torturatu eta espetxeratu ostean, 30 urtean ehunka euskal herritar euren ziegetan usteltzen izan ostean; 30 urtean gerra zikina, apartheida, ukazioa, errepresioa? erabili ostean ez dute lortu herri honen gehiengoak Independentista eta ezkertiarra izateari uztea.

Eta horren lekukoak gu gara, gaur kamiseta gorriz eta Independentziaren zigilu handi honekin agertzen garen gazteria independentista. Estatuek eta euren akolitoek porrot egin dutenaren adibiderik garbiena gara; orain batzea, antolatzea eta etorkizuna, Independentzia, irabaztea dagokigu!

Demokraziaren izenean hitz egiten duten PNV eta bere sateliteei: Zuek zarete demokratak zuek; zuen polizia politikoarekin Urbinan AHTren aurka protestan joan ginen milaka herritar jipoitzen gaituzuenak; zentsura mozioekin herritarren nahiaren aurka egiten duzuenak Azpeitian, kartelak eransteagatik Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman nahi gaituzuen zipayoak, apartheid politikoa aplikatzen duzuenak Ondarrun, PSNrekin eskutik apartheida aplikatzen duzuenak Zizurren... Zuek demokrazia deitzen diozue salbuespen egoerari.

Demokraziaz ikuspegi kurioso hori duten UPN-PNV-PSOEren proiektua da Abiadura Handiko Txikizioa eragingo duen negozioaren trena. Horiena da pedagogia modernoaren izenean hezkuntza merkatuaren eta produkzio katearen katebegi bat besterik ez bilakatzea; horiek dira gazteok etxebizitzarik ez dugun bitartean horien espekulaziotik aberasten direnak babestu eta saritzen dituztenak...

Herritarren nahia deitzen diote PSOE, PNV eta UPNkoek nahi dutena eta nahi duten moduan egiteari; ongizatea deitzen diote denon kontura aberasteari; pedagogia modernoa hezkuntzaren merkantilizazioari eta aurrerapena txikizioari.

Zergatik? Ezin diotelako esan herri honi euren poltsikoak betetzearren Euskal Herriaren zatiketa onartzea erabaki dutela; ezin diotelako herri honi esan krisiak langileria kolpatzen duen bitartean eurek enpresariak babesten soilik ariko direla; ezin diotelako herri honi esan proiektu politikorik makurrenaren exekutore hutsak direla. Eta ezin diote herri honi hori esan, herri honen gehiengoak ez duelako bat egiten zapalkuntzarekin.

Ez dago inor konbentzitu beharrik; gehiengoa gara independentistak, gehiengoa gara ezkertiarrak? urrats bat harago eman behar dugu bide horretan; urrats bat jendarte honetan etsipenaren ordez ilusioa indartzeko; milaka polizia, espetxe, epaile itxurako borrero eta euren esanari men egiten dieten hedabideei erakusteko badela hemen gazte belaunaldi bat borrokara batu dena, Independentziaren alde egiten duena eta Euskal Estatu Sozialista lortu arte borrokatuko duena. Oraingoak ez duela balio erakutsi diogu jendarteari, berria eraikitzeko orubera igarotzea falta zaigu.

Horregatik gaur D3Mren aldeko sinadura ematen dugu hemen eta dei egiten diogu euskal gazteriari gauza bera egin dezan. Independentziara lotzeko deia egin nahi diogu euskal gazteriari. Lan asko dugu herriz herri, auzoz auzo eta ikastetxez ikastetxe. Lortu behar dugu inoiz ikusi ez den indar independentista batzea. Bilakatu dezagun datu ziur inkesta guztiek diotena; herri honetako gazteriaren gehiengoa ezkertiarra eta independentista dela.

Gazte LOTU INDEPENDENTZIARA! Gurea da garaipena!

 


Utzi iruzkina: