EZIN IZAN DUZUE, EZINGO DUZUE!
Salbuespen egoera ezarri dute Euskal Herrian. Frantziako eta Espainiako Estatuek eskura duten tresneria guztia jarri dute martxan askapen mugimenduaren aurka: gazte independentiston kontrako polizia operazioak, legez kanporatzeak, Batasunaren
aurkako operazioak, atxiloketak, manifestazioen debekuak, torturak, isunak,
mehatxuak, presio soziala... Gazte belaunaldion etena eragin nahi dute, borrokaren
lekukoari heltzea ekidin nahi dute, eta Ezker Abertzalearen dinamika politikoa
desitxuratu.
Baina zergatik desaktibatu nahi dute Ezker Abertzalearen ekinbide politikoa? Egungo egoera gainditzeko alternatiba dugulako, proiektu politiko bat dugulako eta hortara
iristeko bidea ere bai. Denok onartu dugu egungo markuaren aldaketarako beharra; orain gakoa, aldaketa hori nola eman da. Ezker Abertzalea izan da bide zehatz bat mahai gainean jarri duen bakarra, Marko Demokratikorako proposamena alegia. Mahai gainean zazpi herrialdeetako euskal herritarron beharrak jasotzen dituen
proposamena jarri du Ezker Abertzaleak, autodeterminazio eta lurraldetasunaren gakoekin; estatuen muga altxatu eta proiektu ororen gauzapena ahalbidetzen duena. Baina ezetz esan dute. Eta ezetz esatearekin batera, aldaketa nahia probestu
nahian-edo, iruzur berri bat ezarri nahi izan digute.
Ez digute ziririk sartuko! Jendea engainatu dezakete, baina ez jende guztia eta ezta betiko ere! Beren negozioengatik Euskal Herria Konstituzioaren kaiolarenpean bizitzan jarraitzera kondenatzen ari dira! AHTa, hezkuntza, inmobiliariak... beren negozioak besterik ez dira! Baina guk zapia jada kendu dugu begien aurretik, eta ez gaituzte
gehiago engainatuko. Kolpatuko gaituzte, beren iruzurra agerian uzteagatik; jarraituko gaituzte, herri honen konponbidea ekarriko duen proposamena kaleratzeagatik, debekatuko gaituzte, atxilotu eta jipoituko gaituzte, baina borrokan jarraituko dugu! Euskal Herriaren alde borrokan!
Denok egin behar diogu aurre egoera honi, goiz ala berandu denoi eragingo baitigu beren iruzurrak. Gerra deklaratu digute, baina ez dezatela pentsa geldirik egongo garela gure alderdiak ilegalizatu, lagunak atxilotu, senideak torturatu eta erakundeak terrorista izendatzen dituzten bitartean. Borrokan jrraituko dugu, eta dei egiten diogu gazteria guztiari, Euskal Herria osoari bizi dugun salbuespen egoerari ASKI DA! esan eta beren eraso bakoitzaren aurrean oldartzera! Ez gaituzte geldituko!
GEUREA DA GARAIPENA!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: