Etxeratek manifestazio nazional isila deitu du larunbaterako Donostian
Manifestazioa 17:30etan abiatuko da Donostiako Antiguo auzotik.
Lurdes Zabalegi (Etxerat elkarteko kidea):
"Etxerat elkartetik kezka handiarekin ikusten ari gara azken asteotan espainiar eta frantziar Estatuetako espetxe barruan zein karriketan ematen ari diren gertakari lazgarri andana.
Euskal preso politikoak bizi baldintza gogorrenetan bizitzera behartuak daude. Milaka kilometrotara sakabanatuak, gaixotasun larri eta sendaezinekin edo Bizi Osorako zigorraren sama gainean daukatela. Horrekin batera, kolpeak,mehatxuak, xantaiak, umilazioak, isolamendua, bakartzea edo erabat arbitrarioak diren leku-aldatzeak eguneroko ogi gogorra dira gure senide eta lagun presoentzat.
Hil egiten duen espetxe politika ankerra da. Bidean, 21 preso politikoren bizia aurretik eraman duena, baita beste 16 senide eta lagunena ere. Hau da, Euskal Herriko jendartearen sektore anitz eta handi bat heriotzaren korridorera bidaltzen duen espetxe politika madarikatua. Neurri hauen helburua: Presoak pertsona eta subjektu politiko gisa suntsitzea.
Aurreko astean, zorigaiztoko albiste baten berri izan genuen. Adur Fernández preso politiko donostiarraren aitak, amak eta neskalagunak auto istripua pairatu zuten Burgosen. Aranjuezeko espetxera bideak zihoan kotxea erabat txikituta geratu zen. Amak puntuak jaso zituen bidean, neskalagunari lepokoa jarri behar izan zioten eta aitak egun batzuk ingresatuta eman zituen. Izan ere, birikietan jasotako kolpearen ondoren, odola isuri zuen ahotik.
Asteburu honetan bertan, euskal preso politikoen senide eta lagunek beste eraso bat pairatu behar izan dugu. Granada eta Malagako espetxeetara zihoazen hiru furgoneten inguruan kaputxadun batzuk ibili baitziren. Tamalez, urte honetan behin baino gehiagotan salatu dugunez, kontrol bortitzak edo irainak gure bidaien barneko errealitate triste bat bilakatu dira.
Euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapena kaletik ezabatu nahi dute. Kontxako banderako bigarren saioaren egunerako deituta zegoen manifestazioaren debekua uda honetan gertatu den guztiaren jarraipena besterik ez da izan. Atxilotuak, zaurituak, kargak, kolpeak, isunak, mehatxuak, irainak, preso politiko ohien kontrako erasoak eta kasurik larrienean Remi Aiestaranen heriotza Villabonan. Ertzaintzak erabili duen bortizkeriak helburu politiko argia zuen: Elkartasuna kolpatu, espetxe politikaren salaketa kaleetatik kentzeko. Baina, gurekin jai dute.
Nahikoa da esateko garaia da, nahikoa da! Euskal preso politikoen eskubideen aldarrikapenak kalean jarraituko du, are gehiago gure senide eta lagun presoen egoera gero eta okerragoa denean.
Arrazoiz beterik gaude beraz, beste behin ere indarrean dagoen espetxe politika kriminala eta bere ondorioak salatzeko. Hori dela-eta, euskal jendarteari, eragile politiko, sozial eta sindikal ezberdinei dei argia egiten diogu: Hurrengo larunbatean, hilak 12, Donostin burutuko den manifestazio nazional ixilean parte hartzea. Zita, arratseko 17:30tan da Antiguako Tunelean hasita.
Euskal presoak Euskal Herrira dagozkien eskubideen jabe!!!"
Iruzkinak
Utzi iruzkina: