EKIN DEZAGUN DENOK BATERA; BOTA HORDAGOA SISTEMARI

gaztegarraxia 1456133159447 Gazte Garraxia | 2009-08-31 17:13

Euskal gazteria eta kapitalismoa, kapitalismoa eta euskal gazteria, ezinbesteko talkan bizi diren bi errealitate kontrajarri dira. Kapitalismoaren oihanean, gazteria, gazela baino ez da lehoi gorbatadunen begietara. Eta ikuspegi eta logika horretatik abiaturiko praktikak, ondorio nabarmenak ditu gure bizitzaren esparru guztietan: gure ahalbide ekonomikoetan, emakumeon eskubideetan, naturarekiko harremanean, eremu afektiboan eta sexualitatean, emantzipaziorako eskubidean, harreman pertsonaletan, migrazioetan, aisialdian, pentsamenduan, sentimenduetan, kontsumo ereduan, lan baldintzetan, psikologian, parte hartzean, natur baliabideen ustiaketan, hizkuntza eskubideetan, hezkuntza ereduan, nekazaritzan, errepresioan, pertsonen garapenean, gazte sorkuntzan, osasunean, jai ereduetan, baloreetan, kulturan, komunikazioan, elikagaietan, ikuspegi kolektiboan, familia harremanetan…


Hauetan guztietan, kapitalismoak eta berak darabilen logikak negatiboki eragiten duela ulertzen dugu. Gure behar eta interesen gainetik, diru irabazien logikak nabarmen agintzen du. Honen guztiaren ondorio da kapitalismoak pertsona, gazte eta herri bezala kaltetu eta zapaltzen gaituela.

Gazte gara gazte, ta ez gaude konforme! Kapitalaren diktadura honen aurrean, gazteok espazio askeak sortu eta bestelako ereduak eraikitzeko antolatzen gara Euskal Herriaren luze-zabalean. Herri, auzo, eskola edo unibertsitateetan, modu eta eremu anitzetan antolatu ere, mugimendu eta errealitate aberatsa osatuz. Gaztetxearen autogestioan, etxebizitza duinen okupazioan, borroka feministan, AHTren aurkako sabotajean, ikasle asanbladan, prekarietatearen aurkako manifan, irrati libreko estudioan, azken atxiloketen aurkako kontzentran, gazte eguneko txarangan, entsegu lokalean, hizkuntza eskubideen aldeko ezabaketan, jai batzordeko bileretan, malabare tailerrean, nazioarteko brigadan… eta beste hamaika lekutan ikusten dugu elkar. Bertan elkartzen gara, eta horrek berak elkartzen gaitu.

Eta gu gara geroa! Gazteok, Euskal Herriak, munduak alternatiba integralak behar ditugu halabeharrez. Eta gu gara, kapitalismoa sistema politiko bakar gisa azaldu nahi diguten horien aurrean, bestelako mundu bat eraikitzea posible dela ikustarazten dugunak. Sistemari pitzadurak eragin eta mundu berri hori egunez egun, eremuz eremu borrokatu eta eraikitzen ari garenak. Pertsona, gazte eta herri bezala askatuko gaituen biharko Euskal Herria aldarrikatu eta gaurdanik eraiki behar dugu.

Indar hauek guztiak elkartu eta metatzeko ariketa berria proposatu nahi dugu. Helburua? Sistemaren aurkako gazteen frontea sendotu eta alternatibak eraikitzeko indarrak batzea. Jakin baitakigu, batasunak indartzen gaituela. Egiteke dugun bidea marraztu eta urratsak elkarrekin emateko, erasoei era bateratuan erantzuteko, bidean indar berriak biltzeko, eremuz eremu erronka eta proiektu berriak garatu eta pizteko… ekin dezagun batera!

Oinarri honen guztiaren gainean, gazte mugimendua osatzen dugun eragile guztien artean elkarlanean oinarrituriko bideari ekitea proposatzen dugu; elkarlan horretan laguntzeko eta indartzeko 2009ko udazkenean gazte topaketak burutzeko proposamena garatu nahi dugu.


Utzi iruzkina: