8 ATXILOTUAK ESPETXERA BIDALI DITU GARZONEK
Goizeko ordu biak inguru zirenean amaitu dituzte deklarazioak eta goizeko bostetan eman du Garzonek bere erabakiaren berria. Talde terroristako kidea izatea egozten diote zortzi independentistei.
Garzon epaileak Soto del Realen sartu ditu atxilotu guztiak:
Agurtzane Solabarrieta (Usurbil)
Hodei Egaña (Donostia)
Eli Zubiaga (Algorta)
Iker Rodrigo (Erandio)
Arantza Urkaregi (Bilbo)
Imanol Nieto (Sestao)
Iñaki Olalde (Agurain)
Amparo Lasheras (Gasteiz)
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:
Espainiar gobernuak benetako salbuespen egoera ezarria du Euskal Herrian, eta azken espetxeratzeak horren adierazle argia dira. Gero eta herritar gehiago daude espetxean lan politikoa egite hutsagatik. Lan politikoa atxiloketekin, inkomunikazioarekin, espetxearekin eta sakabanaketarekin ordaintzen da Euskal Herrian. Independentista izatea galarazia dago. Independentista izan eta hauteskundeetara aurkeztu nahi baduzu espetxera bidaltzen zaituzte.
Azken egunek ondo erakusten digute zein den espainiar demokrazia. Zapatero eta Rubalcabak argi erakutsi dute independentismoaren aurka denak balio dutela, prest daudela oinarrizko eskubide demokratikoak lotsagabeki zapaltzeko bide honetan.
Modu berean argi gelditu da azken egunetan beste alderdi politikoak zein eroso dauden erregimen autoritario honetan. Asteburu honetan izandako mitin eta ekitaldiek horrela erakusten dute. PNVk herri honetarako omen dituen 100 proposamen aurkeztu ditu. Baina ba al du proposamenik datorren hauteskudeetan herritar guztien aukera elektorala berdintasunean eman dadin? Ba al du proposamenik tortturari aurre egiteko? Ba al du proposamenik independentistentzat eraikitako Guantanamoa ixteko? Ba al du PNVk proposamenik errepresio basati honi amaiera emateko?
Asteburu honetan argi gelditu da nork zer ulertzen duen demokrazian. Hautagai politikoak bahituak, espetxeratuak eta sakabanatuak dira eta klase politiko nagusia isilik dago. Ondoren gaur espetxeratu dituzten horietako norbait herritarren borondatearen arabera parlamentari aterako balitz ez lukete inolako lotsarik izango bere parlamentari postua hartzeko, eskubide urraketa honetatik etekin elektoralak ateraz.
Modu honetako eraso gehiago iritsiko dira, estatuak erabakia baitu independentismoaren aurkako gurutzada bukaera arte eramatea. Bitartean mobilizazioaren eta herri presioaren bidez eraso hauei erantzuteko deia luzatzen dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: