Erorketak: laugarren kapitulua
Opor aroa zen eta lagun taldea Granadara joan ginen egun batzuk pasatzera, zehazki Almuñecar herrira. Egundoko parrandak egin genituen, bazirudien gau horietako bakoitza geure bizitzako azkenengoa izango zela.
Gaizki gogoratzen ez badut, bertan pasatzen genuen azken gaua zen, neure bizitzako jausirik barregarriena gertatu zen gaua. Goizeko bostetan hoteleko gelara heldu ginen lau lagun, lo egiteko intentzioekin, nahiz eta azkenean horrela ez izan. Hiru lagunak pijama janzten ari ziren bitartean, leku batetik bestera nenbilen ni, hurrengo egunerako ekipajea prestatzen, azken momenturarte lo egitea gustatzen baitzait. Zegoeneko, lagunak oheratzear zeuden, ohean etzanda bidaiako pasadizoak oroitzen. Maleta egin bezain pronto, ohean etzan eta beraiekin hizketan hasi nintzen. Baina nire zereginak ez zeuden guztiz amaituak, ura edateko gogoak etorri zitzaizkidalako. Zorionez, botila gertu zegoen, ohearen aurreko mahaian. Berehala, ohean zutik jarri eta gorputza luzatu nuenean heldu zen momentu majikoa. Eskuineko oina maindirean sartuta geratu zitzaidan baina nire gorputz osoa aurrera jarraitu zuen, ura helburua izanik. Oreka galdu eta ohearen altueratik lurrera zeharo jausi nintzen mahaiaren norabidean, egundoko zarata sortaraziz. Zentimetro batzuetatik ez nuen nire aurpegia mahaiaren kontra enpotratu. Kriston isiltasuna zegoen gelan. Hiru lagunen aurpegiak ikusi nituen sabaiari begira buruz gora etzanda nengoelarik. Negar egiteko gogo izugarriak nituen, hala ere, indartsuarena egin eta nire aurpegitik irribarre behartu bat ateratzea lortu nuen. Eztandaren momentua izan zen orduan, hiru lagunak ez dakit zenbat denbora eman zuten nire jausiaz barre egiten. Normala, telebistan agertzen diren programetako bideoen antzekoa izan baitzen: Arriskutsua baina barregarria, oso barregarria.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: