Hitzarmena berreskuratzeko bidean!
ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEAREN PRENTSA OHARRA
http://gasteizekbertsoabehardu.wordpress.com/2012/03/14/hitzarmena-berreskuratzeko-bidean/
Aste honetan jakin dugunaren arabera Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Elkartearekin orain artean izan duen hitzarmena berrezarriko du, aurrekontua %20 murriztuta bada ere. Pozik gaude ez delako programa bertan behera utzi beharrik izango eta ez delako bertsolaritza Gasteizko programazio kulturaletik desagertuko, eta ez dugu inongo zalantzarik, elkartasuna eta euskalgintzaren ekimen bateratua izan direla egoera kezkagarri honi buelta emateko giltza.
Eskerrak eman nahi dizkiogu bereziki, haien egoera gurea bezain larria izanagatik gure alde zalantzarik egin gabe egin duten Gasteizko eragile guztiei, eta baita Euskal Herriko txoko guztietatik eta baita atzerritik ere, oso denbora laburrean haien babesa eman diguten talde eta norbanakoei, guztira 100dik gora elkarte 2000 lagun baino gehiago.
Gu ere bertsolari proiektuan gurekin batera lanean ari diren 7 ikastetxeen konpromisoa eta ekimen propioa ere oso garrantzitsua izan dela uste dugu, ikastetxeetako proiektua mantentzearen aldeko borondate argia adierazi dutelako, eta horrela jakinarazi diotelako alkateari ere. Eskerrak beraiei ere emandako konfiantza eta egindako ahaleginagatik.
Edonola ere dena ez da dena positiboa une honetan eta erabat kezkatzen gaituen beste arazo bat azalerazi nahi genuke. Arabako Bertsozale Elkarteak Euskharan Kultur elkartea eta euskalgintzako beste eragile batzuekin batera Amaia Zentroan du egoitza, eta zentroaren kudeaketa eta dinamizaziorako Euskharan Kultur Elkartearekin zuen hitzarmena bertan behera utzi du udalak. Amaia Zentroa euskarazko topagune eta gizarte etxe erreferentzial bilakatu da azken urteotan, eta zentroaren kudeaketa eta dinamizazioa euskalgintzaren esku mantentzea ezinbestekoa dela uste dugu.
Horrelako gauzak berriz ez gertatzeko aurrera egin behar dela uste dugu, euskararentzat estrategikoak diren proiektuak, eta euskararen normalkuntza prozesua bera, ezin baitira egun batetik bestera jarri eta kendu, edo trukeko txanpon bezala erabili. Adostasun politikoa berreskuratu behar da, eta enplazamendua egin nahi diegu udalean dauden lau alderdi politikoei gai honetan azken urteotan izan duten kontsentsua lehenbailehen berreskuratu dezaten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: