Soziolinguistika hezkuntzan
Aisia blogetik hartutako berria.
Soziolinguistika Klusterrak otsailen antolatutako III. Jardunaldietan Jordi Sole i Camardons gure artean izan genuen. Hik hasi aldizkariak elkarrizketa egin zion eta maiatzeko alean argitaratu dute. Besteak beste, hiru proposamen egiten ditu hezkuntzaren eremuan soziolinguistika lantzeko:
1. Hezkuntzaren soziolinguistika
Soziolinguistikaren presentzia, Bigarren Hezkuntzan ez ezik, unibertsitatera ere zabalduko nuke. (…). Lehen Hezkuntzan garrantzitsuena hitz egiteko jarrera da. Eta horretan ari dira. Baina Bigarren Hezkuntzan gurasoek eta irakasleek eredu izateari uzten diote, eta aisialdiak eta komunikabideek hartzen dute lekukoa. Eta hori guztia gaztelaniaz edo ingelesez izaten da. (…). Gauzak horrela, hezkuntzaren soziolinguistika irakasgaiak hizkuntza gutxituaren aldeko jarrerak zein diren erakutsiko liguke. Zein jarrera hartu beharko genukeen egoera zehatzetan eta zein diren hizkuntzarekiko jarrera deuseztatzaileak. Ekolinguistikoki zer jarrera eta erabilera diren positiboak eta zer deuseztatzaileak erakutsiko litzateke.
(…)
Era berean, Bigarren Hezkuntzan eta unibertsitatean irakatsi
beharreko soziolinguistikak ez luke mugatu behar errealitatea
ezagutaraztea. (…) Prozesu sozio-kulturalak azaldu egin behar dira.
Hizkuntza gutxituak zer mekanismoak ezabatzen dituen azaltzen eta
ulertzen badugu, hori ulertuz gero, ikasleek errazago ulertuko dute
zer-nolako mekanismoak, eragin politikoak eta bestelakoak dauden.
2. Hizkuntzaren erabilera arau berrien irakasketa
(…) beti gaztelaniara ez pasatzeko arau berriak irakatsi beharko
lirateke. (…) Azken iraultza soziolinguistikoa hiztunen erabilera arauak
aldatzea izango litzateke, beti gaztelaniarekin bat egitera jotzen
baita. Hau da, hizkuntza batean normala dena, orain anormal bihurtzea
da, eta beste hizkuntzan egitea bihurtzen da normal. Hori da erabilera
arauak aldatzea.
3. Hizkuntzaren motxila
Ikasleek dakizkiten hizkuntzek osatzen dute hizkuntzaren motxila. Esate baterako, ikasle baten familiako hizkuntza berberera izan daiteke, baina eskolan arabiera ere ikasiko zuen. Kataluniara etori, eta katalan, gaztelania eta ingelesa ikasten ditu. Eta, horrez gain, ez daki edo ez da konturatzen, baina frantsesezko eta italierako gauza asko dakizki. Azken batean, gai da frantseseko 50 hitz ulertzeko, arabieraz idazteko, badaki auzoko txinatarrek gauza bati txineraz nola esaten dioten…Horri guztiari deitzen diogu hizkuntzen motxila, ezaguera linguistiko horri guztiari.
Ikasleek guk uste dugun baino askoz ezagutza handiagoa daukate hizkuntzen alorrean, eta ez dugu aprobetxatzen. Erabil ditzagun dakizkiten hizkuntza horiek gogoetak egiteko, gauzak alderatzeko, arauen logika ulertzeko…Aprobetxa ditzagun dakizkigun hizkuntzak, aldamenenko komunitateak…, dena ingelesa izan gabe.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: