Euskal Kulturaren Transmisioko webguneak jarraitzen du eduki interesgarriak plazaratzen. Oraingo honetan ekarriko dugu hona Julen Altubek erantzun batean plazaratutakoa. Testuinguru barik ondo ulertzen da, baina badaezpada hona testuingurua.
Badute baloia, badute saskia (bi gainera) baina nekez elkartzen dira
ordu berean, toki berean...ari dira...aritzen dira jaurtiketa libreak
eginez, bakoitza bere aldetik, binaka, hirunaka inoiz... baina oso
mugatuta daude...ase ezinik dabiltza, partida jokatu ezinik.
Bitartean, patio berean, futbolean ari direnak, jokaldiak eginez
ari dira, futbolzelaia gainezka...partida jokatzen ari dira. Hamaikako
bi talde, ordezko eta guzti...batzuk ez direnean besteak, saskibaloi
zaleak ere tartean...asko dira, nahikoa dira...ase betean dabiltza.
Saskibaloiaren presentzia bada patioan, autozentratu horiei esker,
baloia, jaurtiketak, kamisetak, mate ederren bat ere tarteko...baina
gai balira elkarzentratu, baterazentratu eta partida
antolatzeko...orduan, euren gogoa asebetetzeaz gainera, behar bada,
futbolean ari direnek ere aintzat hartuko lituzkete. Futbol zelaikoei
ere deigarri, baita agian erakargarri ere, egingo litzaizkieke ondoko
zelaiko algara... barre... oihu... eztabaida... jokaldiak... eta
sentituko lukete saskibaloian jokatzeko gogoa... edo badakitelako edo
ikasi nahi dutelako.
Hau da, baldin eta autozentratze hori batera samar egingo bagenu,
autozentratzeaz gainera elkarzentratzen ahaleginduz, ez derrigorrez
berdinzentratuta baina baldintza subjektiboetan oinarrituta (gogoa,
borondatea, premia..), aldeko baldintza objektiboak (saskiak,
baloia...) erabiliz eta komunitatearen antolaketari (antolaketa berria,
berritzailea) garrantzia emanaz, hiztunok dugun arazoa hobeto bideratu
eta eskaintza zabaltzeko aukera gehiago izango genituzke (proposamena).
Horretarako, antolaketarako, futbol entrenatzaile ahozabalen eredua
hartu beharrean, (izan genezake tentaziorik horretarako) ahal den
neurrian, saskibaloi prestatzaile, elegante, umil, langile eta gaituen
aukera hobetsiko nuke (intelligentsia, aitzindaritza gaitua). Gainera,
futbolean ere badago horrelakorik, funtzionatzen du eredu horrek,
munduko talderik onena omen den horren enterenatzaileari begiratu
bestela.
Ah, ez ditut aipatu saskiak kendu eta porteriak jarrita patio osoa
futbolzelai bihurtu gura dutenak...edo bai...futbol entrenatzaile
ahozabalak izan daitezke horiek... baina gure antolaketaz ari gara.
Hortxe ikusten dut gakoa.
Autozentratu, baterazentratu, elkarzentratu, ez derrigorrez
berdinzentratu...hau guzti hau aro berrian?... Ba ote dago beste
biderik?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: