Portfolioa (VII)

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-05-17 18:02

“Zerbait gertatzen ari da gure artean”, Mikel Azkarate. Lauhaizetara.net webgunetik ateratakoa, 2005eko apirilaren 6an.

 

Mikel Azkaratek artikulu honetan euskal kulturarekin zerikusia duten lau gertaeratik abiatuta, hausnarketa oso interesgarria egiten du euskal hizkuntza komunitatearen inguruan.

Artikulu honek, atzera ere, hezkuntza eta hizkuntza komunitate ahulduen arteko erlazioa mahai gainean ipintzen du, zeharka bada ere. Izan ere, egileak irakaskuntza ez du aipatzen bere artikuluan, baina nik lotu egingo dut berak esandakoa irakaskuntzarekin.

Egilearen iritziz, euskal hiztun komunitatea ahula da, erreproduzitzeko mekanismoak oso ahulduta ditu. Nire ustez, hezkuntza elebidunari oztopo eta traba gehienak hortik datozkio. Izan ere, oso zaila da esanguratsua egitea hizkuntza bat bere kultura esanguratsua ez bada, ez badu erakarmen indarrik. Eta gaur egun euskarak ez du erakarmen indarrik, inondik inora eta, are gutxiago, alboan ditugun bi erdarekin alderatuta.

Hala ere, hezkuntzari eskatu egin behar zaizkio fruituak, jakina. Baina ezin da hezkuntzaren lepo gainean zama guztia jarri. Hezkuntzak berebiziko papera du euskararen normaltzean, baina hezkuntzak bakarrik ezin du, gehiago behar da. Hezkuntza ez da ziega bakartuetan egiten, gizarte baten baitan baizik. Eta, dudarik gabe, gizarte horrek hein handi batean gidatzen du hezkuntzaren nondik norakoa. 

Horregatik, hezkuntza elebidunak emaitza kaskarragoak lortzen ditu eremu erdaldunetan eremu euskaldunetan baino. Izan ere, eremu erdaldunetan gizartearen indarra hezkuntzaren kontrako norabidean mugitzen da eta eremu euskaldunetan, aldiz, norabide berean doaz, elkarri lagunduaz. Beraz, hezkuntzari eskatu bai, baina hortik haratago ere jo behar dugu eta gizarteari ere exijitu, hizkuntza komunitatearen trinkotzearen bidetik, beti ere.

Egileak hizkuntza komunitatearen trinkotzea jartzen du helburu. Horretaz gain, hiztun komunitateen arteko oreka ere aipatzen du, hizkuntza ekologia iradokiz. Honen harira, gogoetatxo bat egin gura nuke. Izan ere, sarritan hizkuntza irakastea horretara mugatzen dugu, irakaste hutsera alegia. Eta nik uste dut hori baino gehiago ere badela. Hiztun komunitate gutxitu eta ahul bateko kideak gara euskaldunok eta maiz hizkuntza irakasterakoan ez gara horretaz kontziente. Gure ikasleei ere ideia hori helarazi behar diegu, behar bezala landuz, sistematikoki. Horrez gain, hiztun komunitateen arteko orekaren ideia ere landu beharrekoa da.

Honekin ez dut esan gura hezkuntzak lanketa sistematikoarekin hori guztiori konponduko duenik. Ezta gutxiagorik ere. Hezkuntzak bere mugak ditu, begi bistakoak direnak, eta ezin du gizartean honen moduko ideiak errotu gizartearen laguntza barik. Baina hiztun komunitateak honen inguruan ardazten badu bere diskurtsoa eta hezkuntzak bere ekarpena egiten badu, errazagoa izango da diskurtso honen gizarteratze prozesua. Diskurtso honekin, nire ustez, gure jarduera (baita euskalgintzarena ere) sendotua egongo litzateke eta kanpotik datozkigun erasoei erantzuteko corpus teoriko mardulagoa edukiko genuke.


Utzi iruzkina: