Mikrora egiteko garaia da

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2015-11-30 16:06

Hizkuntzaren erabileran eragiteko, datuek baino garrantzi handiagoa dute eguneroko beharrek, Txerra Rodriguezen esanetan. Martin Ugalde Foroan hitz egin du «soziolinguistika domestikoaz»
Txerra Rodriguez soziolinguista atzo, Andoainen, Martin Ugalde Foroan hitzaldia egiten.
Soziolinguistika alorrean begirada eguneroko beharretara eraman behar dela irizten dio Txerra Rodriguezek (Igorre, Bizkaia, 1978). «Makrotik mikrora». Martin Ugalde Foroan aritu zen atzo, Andoainen (Gipuzkoa),Zirrikituetatik eragiten: soziolinguistika domestikoa hitzaldia egiten. Eta argi mintzatu zen: «Datuek ez dute ezer esaten; eguneroko beharretara jo behar da hizkuntzaren alorrean elkar eragiteko». Horretarako, norbera «etorkizunaren mezu» bihurtu behar da, bilbotarraren ustez. Norbere hautua da zein hizkuntzatan aritu. Hizkuntza soziologian aritzen da Rodriguez, han eta hemen; baina Garaigoikoa blogean eta Twitterren, batez ere. Sutondoko kontuak liburua argitaratu berri du.

«Soziologuinstika ez da oso jakintza akademizatua; gehiago elikatzen da herri mugimenduetatik. Eta hori gabezia bat da, baina indargune bat ere bai». Rodriguezek «interbentzio eta eraldatze» zientzia gisa ulertzen du soziolinguistika, eta honela definitzen du: «Hizkuntzaren eta gizartearen arteko harremana da, diziplina askotatik edaten duen zientzia». Berak, baina,soziolinguistika domestikoa hitzak bere egin ditu, soziolinguistika «behetik gorako zientzia gisa» ulertzen duelako.

Rodriguezen ustez, «euskaldunok euskaraz aritzeagatik ditugun oztopoak gainditzeko zientzia izan beharko litzateke soziolinguista domestikoa», eta hor kokatzen du berak ere bere burua. Mapa eta ikerketa soziolinguistikoak eta kale neurketak izan zituen atzo hizpide, baina proposamena egin zuen datu horiek baino zehaztasun handiagoa ematen duten bideak jorratzeko. «Ikusten dut teleskopiotik begira ari garela denbora guztian, eta hori ondo dago, baina betaurrekoekin begiratzen hasi beharko ginateke».

Soziolinguistaren aburuz, datuek ez dute informazio osagarririk ematen. Joerak adierazten dituzte, eta hori garrantzitsua dela esaten badu ere, zenbakietatik «ihes» egiten du. Uste du datu kuantitatiboek «joerak zirriborratzen» dituztela, eta adierazi du aldaketarako aukera gutxi ematen dutela. «Diagnostikotik harago joan ahal izateko, bestelako gauza batzuei egin behar diegu kasu, betaurrekoen ordez mikroskopioa erabilita. Makrotik mikrora eginda».

Eta, alde horretatik, feminismoa eta jabekuntza edo ahalduntze eskolak ditu konparaziorako alor. Horietan ikusten du sozioliguistikaren giharra indartzeko bidea: «Iruditzen zait gu ere feminismoak egin duen bidea ibiltzen hasi behar garela». Horretarako, baina, soziolinguistika domestikoan trebatzeko dagoen tresna falta azpimarratu du Rodriguezek. «Euskalgintzari bestelako poztasun bat» falta zaiola iruditzen zaio.

Orain arte egindako bidea «oso ona» izan da bilbotarraren ustez, baina «folklorizazio zantzu oso indartsuak» ikusten ditu. Horren aurrean «egunerokoa politizatu» behar dela uste du, euskaldun eremuetatik hasita. Izan ere, haren iritziz, «erdara etxeko sukalderaino sartu da», gizarteak gero eta «harreman askotarikoagoak» dituelako. Egoera horretan, «hori aldatzeko erabakia norberak hartu behar du». Kontu horri garrantzi handiagoa eman behar zaiola ere aldarrikatu du. «Baina nola egin hori? Etorkizunaren mezu izanda». Horrek izan beharko luke soziolinguistika domestikoaren helburua. «Egunerokoan gehiago bultzatu beharko litzateke hori».

Jomuga bera helburu

Rodriguezen arabera, «behetik gorako bidea eginez lor daiteke bakarrik norbanakoa etorkizunaren mezu izatea», hiztun bakoitzaren hautua aztertuta. Identitateagatik, politikagatik, estetikagatik... aukera dezake bakoitzak egunerokoan zein hizkuntzatan aritu, «denak eragiten duelako». Baina, haren ustez, horretara jo behar da, «norberaren hautuetara, eta hor hasi aldaketarako bidea egiten».

Aldaketarako motibazio nagusia herri euskaldunetan egon ote daitekeen galdetuta, baina, ez dago ados Rodriguez: «Ahalduntzea ez dago herri txiki euskaldunen edo herri handi erdaldunen artean; azkenean ez dagoelako ia inor euskaraz ehuneko ehunean bizitzeko gai denik».

Egoera hori herri euskaldunetara ere iristen ari dela azpimarratu du bilbotarrak: «Ahalduntzeak hor ere izango du eragina». Eta erantsi du: «Herri handi erdalduna izan edo herri txiki euskalduna izan, jomuga denetan antzekoa izango da, eta herri bakoitzean ahalduntzearen funtzioa, edukiak, ardatzak eta norabidea ezberdinak izan daitezke». Horregatik, «gauzak beste modu batera egiteko ordua» iritsi dela esan du Rodriguezek Martin Ugalde Foroan: «Gure jomuga euskal hiztunak izan behar dira».

Orain artean gizartea erakartzeko bide nagusia «identitatea» izan dela esan du, baina, haren ustez, gizartea beste gauza batzuengatik erakartzen hasteko garaia da. «Euskal hiztunari erakutsi behar zaio zerbait galtzera doala; sentsazio hori eragin behar zaio. Eta hori gehiago etorriko da gune kaletar erdaldunetatik herri txiki euskaldunetatik baino».


Utzi iruzkina: