Lehentasunak Derion (hiznet)

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-11-30 10:15

UDALERRIAREN EZAUGARRIAK: 

Izena: Derio

Biztanleria: 4.728

Euskaldunen kopurua: 1.321 (%27,9)

Ia euskaldunen kopurua: 1.314 (%27,8)  

Erdaldunen kopurua: 2.093 (%44,3)

Irakaskuntzari dagokionez, ez dago datu zehatzik matrikulazioari begira. Datu hauek ez diete erreferentziarik egiten derioztarrei, baizik eta Derion dauden ikastetxeei. Beraz, datuak kontuz hartzeko modukoak dira. Derion Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilerrean D eredua baino ez dago. Lanbide Heziketan, aldiz, panorama bestelakoa da eta honetan A eredua nagusi da[i]

LEHENETSI BEHARREKO HELBURU ESTRATEGIKOA:

Nire iritziz, hiru helburu estrategikoen artean lehenetsi beharrekoa euskararen ondorengotaratzea litzateke. Euskaldun kopurua, kasu honetan, ez da beste herri batzuetan bezain txikia, baina, hala ere, oraindik orain txikia da. Beraz, helburu nagusia euskaldunen kopurura handitzea izan beharko litzateke. Horretarako, oso esanguratsua da Derion ia euskaldun direnen kopuru handia. Nire ustez, gure lehentasuna izan beharko litzateke ia euskaldun diren horiek euskaldun oso bihurtzen ahalegintzea.

Beste alde batetik, euskararen erabilerari ere arreta berezia eskainiko nioke, batez ere haur eta gazteei dagozkien arloetan. Kontuan hartu behar da, gaur egun, Derion ez dagoela ez A ez B eredurik. Horrek ez du esan gura derioztar guztiek D ereduan ikasten dutenik, baina oso gutxi omen dira Deriotik kanpora ikasten dutenak. Beraz, haur eta gazteei begira, euskararen ondorengotaratzeari lehentasuna emateak ez du zentzu handirik eta logikoagoa ematen du euskararen erabilerari lehentasun osoa ematea alor hauetan. Aintzat hartu behar da, gainera, Derion eskolatik kanpo haur eta gazte gutxik harremana dutela euskararekin.

BEREZIKI GARATU BEHARREKO ESPARRUA: 

Euskararen ondorengotaratzeari begira eta Deriok dituen berezitasunak aintzat hartuta, nire iritziz helduen euskalduntze eta alfabetatzeari eman beharko litzaioke lehentasuna. Helduen euskalduntze eta alfabetatzeari dagokionez, aipatu behar da Derion 3 euskaltegi daudela: Txorierriko Udal Euskaltegia, Txorierriko AEK eta Uztarri. Lehenengo biak, gainera, egoitza nagusia Derion izan arren, eskualde izaerakoak dira. Euskaltegi hauetan ohiko ikastaroak indartzeaz gain laguntzak gehituz (bekak direla, ordutegi bereziak direla, ...), bestelako eskaintzarik ere egin ahal dira. Adibidez, oso interesgarria izango litzateke ia euskaldun horiek euskaldun oso bihurtzeari begira, euskararen erabilera sustatuko duen egitasmoren bat martxan ipintzea. Azken aldi honetan, Euskal Herriko herri askotan martxan jarri dira honen moduko proiektuak, izen ezberdinekin bada ere: mintzalagun, berbabarri, berbatxoko, berbalagun, mintza taldeak, ... Proiektu hauek guztiak aztertuta eta Deriok dituen berezko ezaugarriak kontuan hartuta, Deriorako propio hautaturiko egitasmoa diseinatu beharko litzateke euskaltegi guztiekin elkarlanean.

Horretaz gain, familia bidezko transmisioari ere arreta eskaini behar zaio. Kontuan hartu behar da Derion, gaur egun, gero eta haur jaiotzen direla. Hori dela eta, oso interesgarria litzateke honi begira ere plan integral bat diseinatzea, familia bidezko transmisioa indartzeko asmoz. Plan honek izan ahal dituen ekintzei dagokienez, honako hauek izan daitezke: guraso taldeak antolatzea, gurasoei ikastaro bereziak ematea (ipuingintza, haur hizkera, sehaska kantak, ...), jaioberriei euskaraz egiteko kanpainak egitea, haur zaintzaile euskaldunak eskaintzea, ...

Nolanahi den ere, haur eta gazteei begira, ondorengotaratzea baino, erabilera bultzatu beharko litzatekeela idatzi dut gorago. Beraz, hauei begira bestelako esparruak bultzatu beharko lirateke. Nire iritziz, Derion irakaskuntzak egiten duen lana ikusita, lan hori osatuko duten neurriak behar dira, batez ere aisialdian eta kirol arloan. Haur eta gazteek gero eta denbora gehiago pasatzen dute aisialdi eta kirol ekintza antolatuetan, eta horietan euskararen erabilera bultzatu beharko litzateke. Horretarako, herrian dauden kirol eta aisialdi taldeekin hitzarmenak sinatu ahalko lirateke talde horiek euskalduntzeari begira. Dena den, hori egin baino lehen, bi arlo hauei begirako egitasmo oso bat egin beharko litzateke, diagnostiko egoki batetik abiatuta, epeak zehaztuta eta ekintzak xehe-xehe azalduta. 



[i] Datu hauek guztiak Tximintx euskara elkarteak 2004an argitaraturiko txosten batetik atera ditut: “Derio, euskarari buruzko datuak ” (Tximintx euskara elkarteak, Derion 2004ko otsaila, txosten fotokopiatuta).


Utzi iruzkina: