Kanposantuek zelan egiten digute berba?
Aikor aldizkarian honako artikulu hau argitaratu didate:

Udan Bernardo Penabade galiziarrarekin egoteko aukera izan nuen.  Bernardo Lugoko kostaldean bizi da, Marinha izeneko eskualdean. Bera  institutuko irakaslea da eta interbentzio soziolinguistiko oso  interesgarria ari da garatzen: Burela eredua (edo Linguaviva). 
Euren asmoa da galizieraren arrastoak egunerokoan aurkitzea.  Horretarako, ikertu dituzte auzokideen komunitateko aktak, notarietako  agiriak, komertzioetako paisaia eta fakturak, ezkontza-agiriak… Baina,  ikerketa hilerrietan hasi zuten eta hor dago garatuen. 
Ikerketaren helburu nagusia galizieraren alde egon litekeen sare  soziala sortzea da. Horretarako, dokumentu horiek aztertu bai, baina  batez ere dokumentu horiek egin dituztenak bilatzen dituzte.  
Horren harira, Bernardok eskatu zidan Euskal Herriko hilerri batzuk  behatzeko, bere ikerketa balidatu ahal izateko asmoz. Eta horretan  aritu gara Eider Palmou eta biok Txorierriko bost hilerri nagusietan:  Sondika, Derio (Bilbokoa ez, Deriokoa, eliza ondoan dagoena), Zamudio,  Lezama eta Larrabetzun.

Emaitzak argigarriak izan dira. Galizian baino gehiagotan ikusten  dira gurean euskarazko hilarriak. Behintzat, aztertu ditugun bost  herrietan. Eta kontuan hartu behar da Galizian oso herri  galizieradunetan ere behatu dela. 
Baina gatozen Txorierrira. Larrabetzun daude euskarazko hilarri  gehien Txorierrin. Hilarri guztien % 67 dago euskaraz Larrabetzuko  kanposantuan (171 hilarri). Gainera, 2000. urtetik aurrerako gehienak  euskaraz daude.
Lezaman, baina, hilarrien % 34 dago euskaraz (94 hilarri). Derion % 16 (64 hilarri), Zamudion % 11 (48 hilarri) eta Sondikan % 7 (34 hilarri).
Iñaki Peñak ere behaketa egin du Euskal Herriko hilerri batean. Lesakako kanposantu berrian. Han hilarrien % 44 daude euskaraz (28 hilarri).


Iruzkinak
Utzi iruzkina: