Irakurgaiak: Historia social de las lenguas de España

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2006-12-21 09:41

"Historia social de las lenguas de España": Francisco Moreno Fernandez.

Egile honen beste bi liburu banituen irakurrita ("Sociolinguistica en EE.UU. eta "Principios de sociolinguistica y sociologia del lenguaje"). Horregatik, liburu hau ikusi nuenean erostea erabaki nuen.

Lehen akatsa, erosi aurretik ez begiratzea. Amak beti esaten dit gauza bera, baina nik ikasi ez. Bigarren akatsa, espainol batekin fidatzea hizkuntza kontuetan.

Liburuak akats historiko larriak ditu (adibidez, bisigodoek garaitu zituzten euskaldunak). Horrez gain, historiaren interpretazio berezia izan badu. Izan ere, egilearen iritziz, erromatarren garaitik badago penintsulan batasunaren kontzientzia. To eta no.

Liburuaren tesi nagusia ere eztabaidagarria da: Espainian (eta bere itsasoz bestaldeko eta itsasoz honanzko kolonietan, jakina) hizkuntzen ukipena elkarbizitzak mamitu du. Izan ere, espainola garaitu bada, bere bizitasunagatik izan da eta ez inposizioagatik.

Espainiako nazionalismoak itsututako soziolinguista. Horixe da liburutik atera dudan ondorioa. Engainatu nau autoreak, ondo engainatu ere.Gero esango dute gu garela fanatikoak eta talibanak. Ba, ez. Hizkuntzen historia sozialari buruz irakurri dudan tesirik zintzoena eta osatuena Xabier Erizek Nafarroako historia sozialari buruz egindakoa da. ("Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa: 1863-1936")

Damu dut liburua erosi izana. Etsaiari irakurri bai, baina haren liburuak erosi ez, hori ez. Hurrengorako ikasiko dut.


Utzi iruzkina: