Irakurgaiak: Euskalduntzearen atakan

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2006-11-24 12:39

Komentario honekin atal berria aurkeztu nahi dut. Atal honetan hizkuntza soziologiaren inguruan irakurtzen ditudan liburuak (edo artikuluak) iruzkinduko ditut, ikuspuntu pertsonaletik beti ere.

"Euskalduntzearen atakan": Kepa Larrea (Erein). Liburu hau Kepa Larrearen doktore-tesiaren laburpena da. Tesi horretan aztertu zuen euskalduntzea eta alfabetatzea 1956tik 1986ra. Historia tesia da beraz, baina soziolinguistika ekarpenez betea.

Liburua erraz irakurri dut, azkar samar (astebetean edo). Gustatu izan zait, baina, hala ere, kritika batzuk egingo nizkioke. Alde batetik, liburu bat baino artikulu bilduma ematen du. Kapituluen arteko loturak ez dira oso argiak nire ustez. Horrez gain, kapituluetan lantzen diren gaien arteko loturak ez dira argi ikusten.

Gainera, zita batzuk behin baino gehiagotan errepikatzen dira eta horrek zaildu egiten du irakurketa. Doktore tesiaren dibulgazio lana izan nahi du honek. Nire ustez, ez du asmatu. Izan ere, historia liburu konbentzional bat egin beharrean, bestelako kontu batzuetan nahastu da eta ez du lortu behar zuen potentzialitaterik.

Edukiari dagokionez, ekarpena badu: euskalduntze-alfabetatzearen historia jaso du 30 urte horietan (56-86). Inork ez zeukan horren gaineko historia sakonik eginda eta eskertzekoak dira honen moduko lanak gure hizkuntzaren historia soziala eraikitzen joateko. 


Utzi iruzkina: