Hizkuntza plangintzak: teoriak eta aplikazioak (II)

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2007-07-20 13:34

Bigarren egunean garaiz heldu nintzen. Eta, gainera, arratsaldean egin behar nuen nire hitzalditxoa.

Jarrerak hizkuntza normalkuntza prozesuetan. Aizpea Otaegi eta Aitziber Salaberria (Elhuyar)

Hitzaldia interesgarria izan zen eta lehen ordurako aproposa. Nagiak ateratzeko aproposa. Gustatu zitzaidan bibentziekin eta emozioekin lotzearen kontua. Gero eta gehiago entzuten den kontua da hau, euskara emozioekin lotu behar dena dioen ikuspegiarena, hain zuzen ere. Euren metodoa esanguratsua da, dudarik gabe. Eraldaketa prozesu baten berri eman ziguten Elhuyarrekoek. Ekintza-hausnarketa-ekintza prozesuan oinarritzen dira. Ikuspegi berritzailea dudarik ez.

Haur era gazteen aisialdiko hizkuntz plangintzak. Jaime Altuna (Urtxintxa)

Beste hitzaldi interesgarria. Beldurra nuen Jaimek ez ote zigun gure hitzaldia zapalduko, baina ez, beste ildo batetik jo egin zuen eta eskerrak. Aisia definitu egin zuen, aisialdian azken urteotan izan diren bilakaera azaldu eta egungo egoera deskribatu. Eta bitartean hizkuntza plangintzarekin lotu: zer aldeko faktore dauden, zergatik da garrantzitsua, zer oztopo eta arazo egon daitezkeen, zein da gaurko panorama, … Ikuspegia zabaltzeko ona, lan munduko eta esparru formaleko plangintzez haratago dagoena ezagutzeko.

Egoeraren soziolinguistikoaren azterketa: plangintzaren oinarria eta ebaluazioa. Lionel Joly (Soziolinguistika Klusterra)

Lionelen hitzaldia ere interesgarria izan zen. Bortzirietan Soziolinguistika Klusterrak egin duen interbentzio baten berri eman zuen. Ebaluazioan oinarrituta. Orain arte datu soziolinguistikoen analisia egiterakoan, analisi hori deskriptiboa baino ez ohi da izaten. Klusterrak datu horiek analizatu nahi izan ditu soziolinguistikaren oinarrizko kontzeptuak erabilita. Gutxi erabilitako ikuspegia izan da hauxe gure herrian. Datuak erabili bai, baina horien atzean dagoen errealitatea deskodetzeko bide gutxi eraiki ditugu.

Hizkuntza plangintza Hernanin. Malores Etxeberria (Hernaniko udala)

Oso-oso interesgarria Maloresen hausnarketa. Ideia berriak eta freskoak ekarri zituen ikastarora. Adibidez, zuzentzaile zerbitzuarekiko dagoen dependentzia, itzulpenen gehiegikeria, … Udal barruko plangintzen gaineko hausnarketak berritzaileak izan ziren: zenbait kasutan erdaraz sortzeari beldurra kentzea, dena itzuli beharra ez izatea, politikoekiko tirabirak zelan gainditu, ordenantzen ingurukoak … Kanpora begira ere gogoeta mamitsuak bota zituen. Esparru formaletan nahiko aurreratu dela aipatu zuen, lan munduan izan ezik. Esparru informaletan, ostera, hutsune handiak daude, ikaragarrizkoak: lagun artean, familia transmisioan, …

Hizkuntza plangintza eta elkarteak: iragana, oraina eta etorkizuna. Txerra Rodriguez (Topagunea) eta Aitor Uriarte (Ttakun). 

Gure hitzaldia ez dut komentatuko, justua ez naizelako izango. Aitor eta biok egin genuen aurkezpena ikusgai dago. Zuek esan ………..


Utzi iruzkina: