Hizkuntza egoera genero ikuspegitik (hiznet)
Gure inguruko hizkuntz egoera aztertzeko garaian, zure ustez, zertan izan daiteke lagungarri genero ikuspuntua aplikatzea? Errealitatearen zein ezaugarri azaleratuko luke?
Oso zaila da horrelako gogoeta bati ekitea, huts-hutsean. Izan ere, genero ikuspuntu batetik hizkuntza egoera aztertzean agertuko zaizkigun emaitzak aldez aurretik asmatzea, erokeria bat izan daiteke, dena aurre-hipotesien mailan geratuko bailitzateke, errealitatearen azaletik gertuago mamitik baino. Dena den, horixe da, hain zuzen ere, ariketa honetan eskatu didatena eta horren arabera jokatuko dut, nire ezagutzetatik abiatuta eta nire intuizioei kasu eginda.
Generoaren aldagaia hizkuntza egoera aztertzeko diagnostikoetan txertatzeak, lehenik eta behin, errealitatea hobeto atxikitzea esan nahi du. Aldagai horrek errealitatearen ñabardurak antzemateko baliagarria den neurrian, eraginkorragoa bihurtuko du, era berean, gure diagnostikoa. Beraz, generoaren aldagaiak gure diagnostikoak hobeagoak izaten lagunduko luke, errealitatearen konplexutasuna antzeman ahal izateko.
Beste alde batetik, galdera bat datorkit burura. Generoaren aldagaiak emaitza esanguratsuak eman ahal dizkigu? Argi dago ñabardura bat den heinean lagungarria dela, baina emaitza esanguratsurik ematen ez badu, beharrezkoa al da aldagai hori kontuan hartzea? Nire ustez, orain arte egin diren ikerketetan (Euskararen Kale Erabileraren Neurketak, Lasarte-Oriako gazteena, Etorkizuna Aurreikusten, …) generoaren aldagaiak emaitza esanguratsuak eman ditu, baina askotan ere emaitza esanguratsurik ez ematea ere emaitza esanguratsua ematea bada. Izan ere, Kale Neurketan, esate baterako, gizon eta andreen artean ezberdintasunik egon ez badago, alde batetik ematen du ez dela emaitza interesgarria. Baina bere interesa izan badu, ezberdintasunik ez egotea nahikoa emaitza esanguratsua delako. Beste hainbat arlotan, gizon eta andreen gizarte portaeretan izaten diren ezberdintasunak hizkuntzaren erabileran ez izatea esanguratsua baita.
Baina errealitatearen zein ezaugarri azaleratuko luke generoak? Honetan, nire asmatzaile sena pizturik, hipotesi batzuk formulatzera ausartuko naiz, nire intuizioetan oinarrituz (hipotesi hauek baieztatu edo ezeztatzeko ikerketa sakonak egin beharko lirateke). Orain arte, hizkuntzaren soziologian generoaren ikuspuntua bi esparrutan erabili da batez ere:
- Fideltasunaren auzia: honen inguruan badago teoria bat. Horren arabera, emakumeak gizonak baino moldagarriagoak dira gizartearen eraginetara. Beraz, gizonek gizartearen araberako hizkuntza hegemonikoari eusteko gaitasun txikiagoa dute, emakumeek baino. Emakumeak modernotasunari emanagoak dira gizonak baino, eta horrek ere bere isla du hizkuntza kontuetan.
- Ama hizkuntzaren auzia: aldagai hau oso garrantzitsua da hizkuntza kontuetan. Dena den, ez daude autore guztiak ados aldagai honen definizioarekin. Batzuen ustez, ama hizkuntza familia hizkuntzaren sinonimoa da (edo etxean erabiltzen den hizkuntza). Beste batzuen ustez, ordea, esanahi literala dauka: amarengandik seme-alabei transmititutako hizkuntza da ama hizkuntza.
Bi esparru hauetan, eta Euskal Herrira itzuliaz, ñabardura batzuk egin behar dira, nahitaez.
Lehenengoari dagokionez, egia izan badaiteke ere (nik dakidala ikerketa gutxi daude hori frogatzen dutenak, ezagunenak Txepetxena edo Xabier Erizerena), gaur egun gizartean izaniko aldaketak direla medio, ez dauka garrantzirik. Soziolinguistika historikoan erabili badaitezke ere, gaur egun ez dauka funtsik horrelakoei eustea. Gaur egun, ordea, mamitsuagoa litzateke aztertzea gazteen artean antzematen ari den fenomeno berria. Izan ere, badirudi zenbait ikerketen harian (adibidez, Lasarte-Oriako gazteen artean eginikoa), gazteen artean neskak direla euskara gehiago erabiltzen dutenak mutilak baino. Hor egon liteke fideltasunaren auziaren gaur egungo parametroa, teoria klasikoek diotenean baino. Balizko joera aldaketa hau ikertu behar da sakon, generoaren ikuspuntutik eta teoria feministen azken ekarpenak aintzat hartuta.
Bigarrenari dagokionez, ama hizkuntzaren definizio zabalagoa egin beharko litzateke. Zergatik? Gaur egun, ama hizkuntza etxean erabiltzen den hizkuntzatzat hartzen badugu, kontuan eduki behar dugu familian azken urte hauetan gertatzen ari diren aldaketek ere ama hizkuntzan edo familia hizkuntzan eragina izan beharko luketela, derrigorrez. Zentzuzkoa da pentsatzea familia horren gogor jo duten aldaketek ere familia hizkuntzan eragina izatea. Nire ustez, alor hori gutxitan jorratutako alorra da eta emaitza interesgarriak eman ditzakeena. Dena den, puntu honetara helduta, Pello Jauregik bere ikerketan (“Gazteak eta euskara Lasarte-Orian”) iradoki zuen harremana hartu behar da kontuan: berak dioenez, ama hizkuntza estu-estu ulertu behar da. Bere ikerketan aita euskalduna besterik ez duten gazteak eta ama euskalduna besterik ez duten gazteen arteko ezberdintasun sakonak antzeman zituen. Izan ere, ama euskalduna duten gazteek euskara erabiltzeko joera nabarmen handiagoa erakusten dute aita euskalduna dutenekin alderatuta. Ikerketa honen emaitzetatik abiatuta, gehiago sakondu beharreko alorra ere iruditzen zait honako hau.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: