Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak (1 eta 2)
Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak
Zer egin euskara norbere erakundean normalizatzeko? Galdera horri erantzun nahi zaio abenduaren 14an, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean aurkeztuko diren bi kasuen bidez. Bi hauek Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak bildumaren lehen bi aleak dira, eta bertan euskara beren erakundean laneko tresna bezala erabili ahal izateko egin dituzten urratsak kontatzen dira, modu atsegin eta irakurterraz batean. Argitalpen hauek Soziolinguistika Klusterrak, HUHEZIrekin eta /Ezagutzaren Clusterrarekin lankidetzan osatu ditu 2007an zehar.
Ezagutzaren Clusterrak egindako Kudeaketa Aurreratuko Enpresak argitalpenak eredu hartu eta soziolinguistika arlora egokitu ditugu. Beraz, kudeaketan eredugarri diren kasuen ordez, euskararen normalizazioan eredugarri direnak aztertu ditugu. Aurten landu ditugunak ELAY Taldea eta EIKA Koop. E. erakundeen kasuak dira. Kontaketa hiru hizkuntzetan egin da: euskara, gaztelania eta frantsesa. Urtero beste bi kasu aztertzea da helburua.
Hauek dira bi kasuetan aipatzen diren puntu nagusien laburpena:
1. ELAY, bide erakusle 1991 arte ez zen inon euskara planik egin. Aurretik euskararen erabilera areagotzeko lanik egina bazen ere, ELAY Taldean egin zuten euskararen erabilera sustatzeko lehen proiektu pilotua, Elhuyar aholkularitza eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren laguntzarekin. Lantaldeak aurkeztutako ideia Zuzendaritzak asanbladan proposatu zuen, eta denek onartutako erabakia izan zen. Formazioa eta komunikazio zirkuluak hasieran, teknikaririk gabeko fase autonomoagoa geroago eta euskararen erakundetzea, azkenik. Azken pauso handi hau lortzeko, plana enpresaren prozeduretan beretan txertatu zuten, kalitatezkoetan hain zuzen. |
|
2. EIKA, lan-gune euskalduna EIKA Koop. E.k bere buruari “lan-gune euskalduna” deitu ahal izateko egindako bidea kontatzen du koadernoak. Emun Koop. E.ren aholkularitzarekin, horretara iristeko bizitutako prozesuaren giltza batzuen berri ematen du, elementu hauei garrantzia azpimarratuz: erakundeak inguruarekin duen konpromisoa eta langileen borondatea eta parte hartzea. Hauek osatu dute aldaketarako oinarri sendoa. EIKAk euskarari lekua egin dio lan-munduan. Gazteek eskolan jasotzen duten heziketari jarraipena emateko lekua. Bere adibideak besteei ere hori nola egin erakusten die. |
Eranskina | Tamaina |
---|---|
ELAY.pdf | 771.53 KB |
EIKA.pdf | 792.25 KB |
Iruzkinak
Utzi iruzkina: