Errealitatearekin zikindu behar da
Orain aste batzuk Luzien Etxezaharretak honako esaten zuen Argia aldizkarian:
Erramun Baxokek zioen errealitatea eraiki behar genuela, legeak errealitatea onartu beste erremediorik ez zuelako. Euskaraz indartsu agertzen bagara, onartu beharko gaituzte. Bestela zer da ikusten duguna? Maitia eta Brissonen adierazpen ederrak, euskaltzaleen oihuak, aholku batzordeak... Ados, ofizialtasuna galdegin behar da, baina uste dut ikastolen urratsa ukan behar dugula gogoan. Gauzak gure gain hartu behar ditugu. Eskola, osasuna, ekonomia, denak gure gain hartzea da gure buruaren jabe izateko bide nagusia. Baiona-Angelu-Biarritzen %5ak bozkatzen du abertzale, baina horrek ez du erran nahi beste %95a euskaraz futitzen denik. Zer egiten dugu alta, euskara biziarazteko? Parisen beha egon behar dugu gure hizkuntza ikasi eta mintzatzeko? Uste dut aurtengoa lehen kanpaina izan dela non ez den hitzik ere erran herri hizkuntzei buruz. Ni ez naiz sobera politikoa, eta goitik etor litekeenari baino gehiago begiratzen diot gure errealitatea indartzeko egin genezakeenari. Txepetxek zioen gisan, euskara baliatzeko guneak sortu behar ditugu, euskarari erakargarritasuna eman. Zergatik eta zertarako ikasiko dute jendeek euskara? Zein dira motibazioak? Nik ez dut soluziorik, baina ez dut uste gehiegi higatu behar dugunik gramatikan edo hizkuntzalaritzan. Ez da aski hizkuntza ikertzea, errealitatearekin torratu, zikindu behar da. Sartrek zioen giristinoek esku zikinak ez ukaiteagatik ez dutela eskurik, eta guregatik hori erran ez dezaten, sar gaitezen saltsan, gure gustuko eremuetan egin ditzagun ekarpenak euskaraz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: