Community fostering
Carballon eman behar nuen hitzaldi bat dela eta, berriro deskubritu nuen terminoa: community fostering. Mikel Zalbidek asmatutako kontzeptua da, nahiz eta Joshua Fishmanen irakaspenetatik abiatu.
Orain arte, hiru plangintza mota bereizten zituen soziolinguistikak: corpus plangintza eta estatus plangintzak izan ziren hasieran. Gero, eskuratze plangintza ere proposatu zuen Cooper-ek: hizkuntza bat ikasi eta irakasteko plangintza. Eta, azkenik, community fostering.
Berez, estatus plangintzaren zati dira azken bi berrikuntzak, estatus plangintza adiera zabalean ulertuta beti ere. Gertatzen da, hala ere, estatus plangintza sarri askotan hizkuntza politikarekin nahasten dela. Eta, horren ondorioz, sortu da CF ospetsu hori.
Gurera ekarrita, komunitatearen biziberritzea, edo komunitatearen suspertzea, edo komunitatea indartzea. Hiztunonganaino heltzen den kontzeptua da, zentzu kolektiboa ahaztu gabe (eta community empowerment eta halakoekin erraz asko ezkontzen da).
Eta zer da? Zalbideren arabera, hizkuntza ahulari belaunez belauneko iraupen-bidea bermatzea eta hiztun-elkarteari bere neurriko esparru berriak zabaltzea. Komunitate-giroa indartzea, hizkuntza ahularen mesede. Hau da, komunitate-giroa suspertu, hizkuntzaren belaunez belauneko iraupen-bidea bermatzeko, gertukoen diren esparruetatik abiatuta: familia-auzoa-lagunartea hirukotea. Fishmanek zehazten duen eskaileraren 6. urratsa, hain zuzen ere.
Jon Sarasuak sukalde proiektua darabil antzeko esangurarekin. Eta Txepetxen behinolako trinkotze hura ere CF horren barruan sartuko litzateke. Eta Euskal Herriko jendarte eragileen ekimen gehienek ere CF horren barruan kabida eduki lezakete.
Azken urteotan, plazaratu diren kontzeptu berri batzuk ere CF horren barruan sartzeko moduko elementuak dituzte: arnasguneak, subsidiarietate printzipioa eta abar. EBPN beraren funtsa teorikoa ildo honetatik edaten zuen (praktikan zer gertatu den ez naiz sartuko baloratzen, baina herri askotan CFtik urruntxo ez ote dabilen susmoa dut).
Honaino helduta, zalantza txiki bat: beharrezkoa al da CF bezalako terminoa? Ekarriko al du espezialista eta ez-espezialisten arteko bateratzerik? Denok jakingo dugu zeri buruz ari garen? Zalantza asko ditut, nahiz eta terminoak izan ditzakeen aukerak ikusten ditudan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: