Celosamente gordea
BAP! talde mitikoaren kanta izan zen ezagutu nuen lehena. Gero jakin nuen Susa aldizkarian argitaratu testu batetik zetorrela letra. Eta, azkenik, Hala bedi irratian izen bereko irratsaioa egiten zutela.
Azken
saioetako bat honako esaldiarekin hasten zen: Hizkuntza da erabileraren
ondorioz zorrozten den tresna bakarra. Amu ederra: inuiten artean
entzun dut azken udan eta ordutik bihotzean iltzatu zait. Speak white. Saioa merezi du, merezi duenez.
Zorroztu beharraz (speak white)
Hizkuntza da erabileraren ondorioz zorrozten den tresna bakarra.
I)
Gaixo
dagoenari hitz gozoak esatea da komeni dena. Sendatuko ez duten arren,
kontsolatzeko balio dezaketen hitzak. Sosegua emango diotenak, adibidez,
neguko arratsalde batean, leihotik begira dagoenean, zerua nola
herdoiltzen den begira.
Gure eri nagusia nor den denok dakigu. Jakin nahi ez dutenek ere badakite, agian guk baino hobeto dakite, gainera.
Esan
diezaiokegu, adibidez “hizkuntza da erabileraren ondorioz zorrozten den
tresna bakarra”, edo “hizkuntza xaboiaren alderantzizkoa da: zenbat eta
gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta xahutuago; hitzak,
ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago.”
Berez duen balioa aitortu, edo benetan balio duenaz jardun.
Baina,
horrelakoak esaten dizkiogunean, badu eragin txar bat gugan: kontziente
egiten gaituela gure erizain izaeraz, edo, okerragoa dena, beilatokiko
erostarien tonuz egiten dugula hitz.
II)
Erabiltzen
ez diren gauzak ugertu egiten direla erakutsi zidan amak aspaldi.
Hezetasunaren eta oxigenoaren eraginez gertatzen dela ikasi nuen gero
eskolan. Orain badakit, ez dela horregatik bakarrik, gauzak ez direla
halabeharrez gertatzen, aukerak ez direla beti guztiz hautazkoak,
munduan egoteko modua zor diogula mintzairari, mundutik darigun usaina
direla gure hitzak, soseguz mastekatu beharra dagoela irentsi baino
lehen, ez garela hilezkorrak, zaila dena ikusezinari erreparatzea dela,
neguak ezpainak erdibituko dizkidala aurten ere, ez diogula inori
apurrik zor, ez garela halabeharraren seme-alaba jaio eta halere,
sarritan etsipenez baina maiz konbentzimenduz, hezetutako hizkuntzari
arnas ematen diot, horrek ugertzetik libratuko duen esperantzari bi esku
ubelduokin helduta.
Hizkuntza
da erabileraren ondorioz zorrozten den tresna bakarra, erabili ezean
kamustutako gauza guztiekin batera eta inongo gupidarik gabe, ugertzen
uzten duguna.
III) Edu Zelaieta. Autobiografia
—Erdara dut ama-hizkuntza:
amaren bularretan nengoela,
gaztelania eztitsua aditzen nuen
hain beharrezko eta hain gozo
hartzen nuen esnearekin batean.
—Txikitan entzundako lau gauza haiek
pixka bat osatze aldera eta jakin-minez
hasi nintzen galiziera ikasten unibertsitatean.
Tamalez, urte bakarrean ikusitako gramatikarekin
eta Galiziara egindako bidaiekin ez dut nahiko izan
inoiz fundamentuz falatzeko.
Maiz pentsatu izan dut aski xelebrea dela
hizkuntzen afera hau.
Maiz, halaber, zenbateko eragina izan duen
honek guztiak nire bizian;
adibidez, pertsona bera izanen ote nintzen
hizkuntza bakarreko familian sortu izatera.
Zer pentsatuko luke Avilako batek
bere ama-hizkuntza eta bere gurasoenak
hiru diferente izanen balira?
Kontuan hartu, gaur den egunean,
amarekin eta anaiekin gaztelaniaz egiten dudala
lagun on frankorekin solastatzen naizela gaztelaniaz
eta gaztelaniaz ere irakurtzen ditudala liburu asko.
Baina baita ere, noizean behin amarenean elkartuta,
“bota ura”, “ekarri ardoa” edota “on egin” tartekatzen ditugula mahaian;
lagun-min eta lankide anitzekin egunero aritzen naizela euskaraz,
aitarekin hitz egiten dudanetan bezala nahiz neure oraingo etxe diren
neskalagun maitearekin eta seme kuttunarekin bezala.
Aitor dut, gauza bitxia izanagatik ere:
ama-hizkuntza ez dudan euskara maite dut.
Horregatik izanen da, agian, unibertsitatean euskaraz irakastearena
euskaraz idaztearena
edota, bakarrik nagoela,
euskaraz pentsatzearena.
Laster beteko ditu zortzi hilabete gure Amets txikiak.
Oraindik ez dakigu nolako ahotsa izanen duen,
zein modutara deituko digun “aita”, “ama”.
Dakiguna da gurasoek egiten dioten
Gasteizko euskara horretan esango dituela lehen hitzak,
bere aitak eta bere amak ez bezala.
IV)
Amari
zor diot ama hizkuntza, auzoari erdara, estatuari debekua, debekuari
kontzientzia. Aitari zor diot mintzaira, telebistari mundua, munduari
irudimena, amamari kondaira, kondairari azalpena.
Herriari zor diot euskara, legeari desabantaila, galderari erantzuna, inguruari kontraesana, kontraesanari borroka.
Hizkuntzari
zor diot naizena, naizenari izango direna, izango direnei ulertuko
duten hitzen bat edo beste, eta mila abentura ulertezin.
Lurrari zor diot sustraia, sustraiari enborra, enborrari adabegia.
Nire
lurrak ordea, ez dio hizkuntzari ezer zor, nire hitzek ez dute
aberririk libratuko, ureztatzen duten horretatik jaio daitekeena baino
ezin dute kabitu.
V)
Gure hizkuntzan guduak beste era batera kontatzen dira.
Gure hizkuntzarekin badakigu ausartak izaten, ez dio ardura nondik zatozten edo zein mezu dakarzuen.
Gure
hizkuntza erabilita, izan ere, gure hizkuntzaren eta gure herriaren
kontra ere hitz egin dezakegu. Gure buruaren aurka ere hitz egin
dezakegu, eta maite dugunari ere esan diezazkiokegu esan ezin diren
gauzak.
Gure
hizkuntza erabiliz esan dezakegu gure hizkuntza hiltzera doala, edo
pobrea dela, edo hegoa hautsitako hegazti bat ematen duela, lurrean
etzanda, ondo duen hegoarekin asfaltoa laztanduz, ezinean.
Baina,
gure hizkuntzan esaten dugunean gure hizkuntza hiltzera doala, ez al
zaizu hotzikara gozo bat sartzen? Bizi apur bat zainetan?
VI)
Inuit
herriaren jakindurian belaunaldiz belaunaldi gordetako esaera zaharrak
dioenez; hizkuntza omen da erabileraren poderioz zorrozten den tresna
bakarra. Horrela, elurrak elur izateari utziko dio noizbait beraien
hankapeetan, bizirik mantenduko da ordea haien mintzairan.
Zorroztutako
hizkuntzak haragirik gogorrena ere moztu dezakeela diote hangoek,
izoztutako baleak hitz hutsez zatitzen zituztela garai batean, ez zela
beste ezer behar, hitz egokiez baliatzea nahikoa zutela horretarako.
Lurrak
ere ebaki ditzake hizkuntzak, hizkuntzak ere marraz dezake lurraldea
eta ezpain ederrenak zartatu, baina lurrak beti ez du hizkuntzarekin bat
egiten, hizkuntzak ez du nahitaez lurrik zedarritzen eta ezpainek
itxita daudenean ez dute deusetarako balio.
Zorroztutako
hizkuntzari egunero eman behar zaio jaten, ez dio ezeri beldurrik eduki
ohi, esker onekoa da, berdin moztuko du lurra hankapean, zein ezpaina
hortz aurrean, inor hura isilarazten ausartzen den bakoitzean
badakielako zer erantzun behar duen eta nola.
VII) Igor Estankona. Kretan idatzia
Zuon estatuak botatzen ahaleginduko gara beti
baina horrek ez du esan nahi
borondatez egiten dugunik.
Gure hizkuntzan guduak
beste era batera kontatzen dira
eta ia beti irabazle atera ohi gara.
Estua da gure hiria itsasertzean
ahula gure flota
baina badakigu ausartak izaten,
badakigu gure hilobiak omentzen.
Ez dio ardura nondik zatozten
edo ze mezu dakarzuen.
Gudu zelaia berdin bihurtuko da
infernurik beroena
denontzat.
Horregatik bidali dizuegu mezulari hau
papiro honekin.
Arrantza, garia eta dantza maite ditugu
baina badakigu oinazea jasaten eta zabaltzen,
zuon emazteak alargun utziko dituzue hona bazatozte
zuotako bat soilik itzuliko da
hemen ikusitakoa konta dezan
bake garaian uzta zaintzen duten jainkoek
armak hartuko dituzte
eta sua eta ura
amilduko dira.
Zazpi ilargi iraungo ditu zigorrak.
Erretira zaitezte.
Sentitzen dugu baina ezin dugu
txikiagoak izan,
bestela historiaren galbahetik behera
eroriko gara
VIII)
Gu
ez gara normalak, ez daukagu hizkuntza normalik besteentzako, ez gara
herri normalean bizi. Gurea mintzaira zahar eta gaitza da, hori omen da
gure arazoa. Ezberdinak izateagatik kastigatu gaituzte, berdinak
izateagatik libratuko ei gara, besteetara ez makurtzearren eman gara
gurera, ez dugu etsi nahi eta arraroa da batzuentzat halere, gaixorik
dagoenak gaixorik jarraitu nahi izatea aukeran.
Gu
hizkuntzarenak gara baina hizkuntza ez da gurea. Gaitzak jotako
lurretan bizitzea egokitu zaigu, hitzak aukeratu behar izaten ditugu,
barkamenetan luzatu, esplikazioak ekidin, ezpain zartatuez erantzuten
diogu normalak garela esan arren, ulertu nahi ez gaituenari.
IX)
Gure buruari barkamena eskatzen ari gara behin eta berriz
Bestela historiaren galbahetik behera eroriko gara.
Asko egin diogu gure buruari:
Harri zorrotzez betetako bideetatik eraman dugu
Jo behar ez genituen ateak jo ditugu
Jan ez behar genituen loreak jan ditugu.
Baina guk bakarrik al ditugu paperak esku artean?
Gu al gara gure buruari barkamena eskatu behar dioten bakarrak?
Nola osatzen da “gu” bat, ez bada “gu” batekin eta “haiek” batekin?
“Gu” bat osatzeko gogoz ote daude “haiek” ere?
X)
Gurearen
kontra jaio dira haiek. Haien kontra jaio dira gureak. Guri, baina,
haiek ulertzeko ahalegina egitea eskatzen zaigu, haiek ez dute zertan
gurerik ulertu. Gureak min ematen du ezpain artean, haienak leun
labaintzen dira edozein ahotan. Gureak zirrikitu txikiena ere
aprobetxatu beharra dauka, bestela akabo. Haienak lasai egin dezake lo,
badakite bihar ere hortxe aurkituko dutela.
Mendeak
iraun ditugu horrela, gureak eta haienak bedeinkatzen, haienak eta
gureak elkarren kontra tinkatzen eta ez diogu negar egiteari uzten.
Hizkuntza zorroztu beharra daukagu, inork zapaltzen duen urrena, haragirik gogorrena ere mozteko gai dela ikasi dezan.
XI) Koldo Izagirre. Autopsiarako frogak
Noiz egin behar du autokritika?
Noiz kondenatu behar du bortizkeria?
Noiz utzi behar dio inposaketa praktikatzeari?
Noiz salatu behar ditu bere izenean egin desmasiak?
Noiz gainditu behar du gorrotoa?
Noiz aitortu behar du konplexuz betea dagoela?
Noiz behatu behar dio aurrez aurre bere historiari?
Noiz suntsitu behar ditu bere mitoak?
Noiz ikasi behar du kultura onartzen?
Noiz eskolatu behar du bere burua?
Noiz onartu behar du mundua?
Noiz normalizatu behar du gaztelaniak?
Noiz normalizatu behar du frantsesak?
XII)
Nik
ez dut normala izan nahi, munduari parez pare begiratu nahi diot, ez
besterik. Normaltasunaren izenean hitz egiten didan hurrengoak normala
den erantzuna jaso dezan, berdintasunean ibili nahi nuke munduan, parez
pare begiratu, gutxiengoen oihartzuna izaten jarraitu, inon lotsatu
beharrik gabe, inork konturik eskatuko ez didan segurantzaz.
Nik
ez dut normala izan nahi baina egunero behartzen naute. Ez diet gorroto
edo erruki bezalako hitzik zor. Haien hitzek ez didate gehiago azalik
urratuko. Ezpain zartatuez mintzatuko natzaie, duda izpirik gabe,
erantzunen premia aldetik kendu duenaren lasaitasunez.
Hizkuntza
da erabileraren ondorioz zorrozten den tresna bakarra, baina ez
betierekoa, aizkorak zorrozteko garaia dugu, egurra eta kontatzeko zer
edo zer izan dezagun neguan sutondorako.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: