Apirila: hiru kandela

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2010-04-12 18:55

Orain dela hiru urte


Orain dela hiru urte, udan UEUk antolatu behar zuen ikastaroarekin hasi nuen apirila. Gerora hizpidea ere ekarri zuenez, gerorako utziko dut. Horren ostean, liburutegi digital batera jo nuen, euskaraz soziolinguistikaz dagoen liburutegirik osatuena (eta doan deskargatzeko moduan). Portfolioaren artikuluei eman nien hasiera gero eta hilabete berean lau artikulu igo hezkuntza elebidunari buruz (oraindik ez du galdu aktualitatea gaiak, orain hirueledunaz ari badira ere).
 
UEUren produktuekin jarraitu nuen: oraingo honetan Inguma izeneko datu-basea. Autoestimaren hauspoa apur bat puztu ostean, hilabetea amaitu nuen hizkuntzaren ekologia izeneko artikuluarekin. Handik bi urtera beste artikulu batekin osatu nuen aurreko hori.
 
  1. UEUren ikastaroa Iruñean
  2. Buruxkak
  3. Portfolioa (I)
  4. Portfolioa (II)

 


Orain dela bi urte

Orain dela bi urte, indartsu hasi nintzen hilabetea, kanpora begira, nazioarteari begira: Ipar Amerikako indigenak, maoriak, Katalunia, Galizia eta Gales. Munduari bira bost artikulutan. Nazioartekotze prozesu betean.

Txeieneen lurraldean hasi, istorio ezagun batekin. Arrakasta eduki zuen eta euskarara ere ekarri zuten eurek esandakoa. Jarraitu nuen Zeelanda Berriko maoriekin eta euren hizkuntza habiekin. Handik buelta, hurrago geratu nintzen: Katalunian. Eta han etorkinei begira argitaratu zuten harrera gida ekarri nuen blogera. Eta handik Galiziara, guretik pasa barik. Sechu Senderen beste testu bat blogeratu nuen orduko hartan. Eta handik itsasoa zeharkatuta, Galesera, azken buelta. Hangoek euren hizkuntzaren historia soziala batzeko egin duten ahalegina (gurera ere badator, ezta?) aipatzen nuen orduko hartan.

Eta berriz buelta geurera, geure txikira. Euskara elkarteak aipatu nituen lehenik eta behin. Oraingo honetan ere gaia purian dagoela ematen du. Izan ere, zer da euskara elkarte bat? Galdera potoloa inondik inora. Udako ikastaroena klasikoa da blogean, informazioa beti eguneratuta izateko nire ahalegintxoa da-eta. Euskara zikina gura dudala esan nuen jarraian, eta bi urtetan ez du ematen asko lohitu dugunik gure hizkuntzatxoa, ze pena.

Artikulu polemikoa dator jarraian. Oker ez banago, nire blogean polemika gehien piztu duen artikulutxoa-edo. Etorkizuna eta iragana, iragana eta etorkizuna. Ez daukat besterik gehitzeko, bere garaian esan nituen esan beharrekoak. Kontseiluak antolatutako jardunaldi baten berri eman nuen jarraian. Eta hilabetea amaitu nuen Euskara 21 aipatuz. Lehendabizi ekarri nuen blogera, baina gero behin baino gehiagotan etorri zen, batzuetan nahita eta beste batzuetan nahi barik.


  1. Txeieneak eta txireneak
  2. Hizkuntzaren habiak
  3. Kataluniatik dator notiziya
  4. Oraingoan Galizia
  5. Galiziatik Galesera
  6. Euskara elkarteak
  7. Udan ikasi gura?
  8. Euskara zikina
  9. Iragarle lar
  10. Urrats bat aurrera
  11. Euskara 21


Orain urtebete

Gerora zeresan ugari eman zuen kontuarekin ireki nuen hilabetea orain dela urtebete. Mayor Orejak egin ei zituen adierazpenak aipatuz. Jarraitu nuen Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren graduondokoarekin. Hainbat eduki nabarmendu nituen, eta gaur egun ere nabarmendu beharrekoak dira. Baina horietako batzuk ez daude eskuratzeko moduan, ze pena. Gero Klusterrak udarako prestatu zituen bi ikastaroen berri eman nuen.

Euskal hiztunon eta erdal hiztunon artean dagoen amildegiaz ohartzeko artikulutxoa egin nuen jarraian: bizkarrari bizkar. Horrela irudikatzen ditut nik sarritan bi komunitateak. Gero Klusterrak azken bi urteotan argitara eman dituen Normalizazio Kasu Aurreratuen berri eman nuen blogean.
 
Kritikak ere lantzean behin egin behar dira. Eta soziolinguistika inkesta plazaratu zuten horretan galdera bat bota nuen. Banekien erantzunik ez nuela izango baina tira: zergatik hiru urte pasa behar dira inkestako emaitzak publiko egiteko? Eta hilabetea amaitu nuen Espainiako hizkuntzen institutuaren sorrera aipatuz. Orduan, asko ez nekien eta ordutik ez dut haren berririk izan. Ez dakit zertan den, zertarako den eta abar. Zientziaren misterioak.

  1. Autogorrotoaren apologia
  2. Zer transmititu badago 
  3. Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak?
  4. Euskara lan munduan ........... lanean
  5. Bizkarrari bizkar
  6. Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratu berriak kaleratu ditu Soziolinguistika Klusterrak
  7. 2006ko datuak hiru urte beranduago
  8. Hizkuntzen institutua
  9. Euskara 21



Utzi iruzkina: