10 liburu + 10 liburu + 10 liburu

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2011-01-13 19:44

30 liburu, oinarrizko bibliografia soziolinguistikoa euskaraz. Beti ere, nire begietatik, noski. Baten bat falta al dela uste duzue?

10 liburu

10 liburu + 10 liburu

21- Zuberogoitia, A, Bidegorriak hizkuntzentzat: Aitor Zuberogoitiak egindako doktore tesiaren laburpena da liburu hau. Berak komunikabideak aztertu zituen eta ondorioztatu zuen hedabide elebidunek ez diotela mesederik egiten euskarazko jardunari. Beraz, euskararentzat bidegorriak proposatu zituen. Bide propio eta beregainak. Autozentratuak, hegemonikoak alegia. Azken aldian, behin eta berriro entzun eta aldarrikatzen diren kontzeptuak.

22- Alvarez, J.L., Elebidun gizartearen azterketa matematikoa: euskarazko soziolinguistikak mundu mailako soziolinguistikari egin dizkion ekarpenik handiena dakar liburu honek eta hurrengoak. Gizarte elebidunak matematikoki aztertu zituen Txillardegik eta leialtasuna eta bestelako kontzeptuei esangura berria eman. Gainera, azterketa enpiriko honetatik abiatuta, Kale Neurketak jarri ziren martxan, Euskal Herriak duen neurketa modurik originalena.

23- Isasi, X., Txillardegi, Soziolinguistika matematikoa: aurreko liburuaren garapena dakar honako honek.

24- Esnaola, I., Gazte euskaldunen lagun arteko hizkera hemen eta orain: soziolinguistika bariazionalari buruz egin den lanik apurrenetakoa gurean. Codeswitchting izeneko fenomenoa aztertzen du batik bat Imanolek lan honetan.

25- UEU, Hizkuntz normalkuntzarako ekinbideak udalerri mailan: gomendio liburua da honako hau. Honezkero, zaharkitu samar badago ere, liburu honek gomendioak eman gura dizkie herrietako euskara mugimenduei euren jarduera sistematizatzeko eta etekin handiagoak lortzeko.

26- Zuazo, K., Euskalkiak herriaren lekukoak: hurrengoa bezala, oraingoa ere dibulgazio lana da eta soziolinguistikaren eremu zabal batean koka daitekeena (hau da, ez da soziolinguistika lan purua). Euskalkien gaineko azterketa berria egin zuen bere garaian Zuazok, eta oraindik ari da horretan. Bonaparteren mapa zaharra berritu, egungo egoerara egokitu eta egin zituen akatsak zuzendu egiten ditu.

27- Zuazo, K, Euskara batua, ezina ekinez egina: euskara batuaren sortze prozesua kontatzen du Koldo Zuazoren liburu honek. Mendeetako prozesua kontatzeaz gain, oraingo arazoak eta etorkizuneko erronkak ere aletzen ditu liburu irakurterraz honetan.

28- Izagirre, K. Autopsiarako frogak: 2010eko liburua, irakurri dudan azkena. Euskararen egoera gordin azaltzen du Koldo Izagirrek, gordin eta gogor. Latza da liburua, baina merezi du gure egoeraren berri ematen duelako. Gure kezken berri, gure ahulezien berri.

29- Garabide, Euskararen berreskuratzea: 2010eko beste liburu bat zerrendan. Garabide elkarteak plazaratzen duen lehena da. Dibulgatiboa da osoa, eta euskararen berreskuratzearen esperientzia batzea izan du helburu, kanpoko herrietan eta gurean dibulgatzeko asmoz. Liburua euskaraz gain, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez ere argitaratu da. Gainera, DVD batekin batera dator.

30- Odriozola, J.M, Gerraurreko gizarte-hizkuntzalaritza Euskal Herrian: 30 liburuen zerrenda amaituko dugu aurrehistoriara salto eginez. Odriozolak soziolinguistikaren aurreko garaietara garamatza. Garai hartakoen lanari gizarte-hizkuntzalaritza deritzo. Ezinbestekoa da gerra aurretik gurean euskararen alde egin ziren ekimenak ezagutzeko.


Utzi iruzkina: