10 liburu
Lagun batek eskatu zidan soziolinguistikari buruz 30 liburuen zerrenda egiteko, eta ni esanekoa naizenez, egin egin dut. Baina 30 beharrean, gaur 10 liburu ekarriko ditut hona. Bihar beste 10 eta etzidamu azken 10ak.
Denak euskarazko liburuak dira (neure buruari jarritako erronka da), eta ez daude ordenatuta. Ez dute hurrenkerarik, okurritu ahala, zerrendara ekarri eta listo. On egin deizuela irakurketak.
1- Amorrortu, E., Ortega, A., Idiazabal, I., Barreña, A. Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak:
 nahiko liburu berria da, 2009koa. Ikerketa lana da, Euskal Herrian bizi
 diren hainbat erdaldun mahai baten inguruan jarri eta euskararekiko 
dituzten usteak, jarrerak eta iritziak galdetu zitzaien.
2- Falcon, X. Lluis Aracilen idazlan hautatuak:
 LLuis Aracil Kataluniako soziolinguistikan itzal handia izan du (eta 
du). Xabier Falconek apailatu zituen bere idazlan garrantzitsuenak eta 
euskarara ekarri ziren. Kataluniako soziolinguistikara hurbiltzeko saio 
aparta da.
3- Arratibel, N., Azurmendi, MJ, Garcia, I. Menpeko hizkuntzaren bizi-kemena:
 bizitasun etnolinguistikoaren gainean egindako azterketa da. Nekane 
Arratibel eta Iñaki Garciaren doktore tesien laburpena da. Lehenengoak 
bizitasun etnolinguistikoa motibazioarekin jartzen du harremanetan eta 
bigarrenak, berriz, erabilerarekin. Euskaraz gutxi dira taxu honetako 
liburuak.
4-
 Zenbait autore, Etorkizuna aurreikusten 99: gaztetxoak eta euskara: 
ikerlana da. 1999an hainbat gaztetxoei elkarrizketa egin zitzaien. 
Euskarari buruz eurek zituzten iritziak, usteak eta abar ekarri zituen 
ikerketa honek. Helburua zen etorkizunari begirako zantzuak eta 
lorratzak aurreikustea.
5-
 Crystal, D., Hizkuntzen iraultza: hizkuntzen gainean mundu mailako 
ikerlaririk handienetakoa da Crystal. Eta liburu hau dibulgatiboa da 
oso. Hizkuntza gutxituak babestearen aldeko mezua dakar liburu honek, 
bere laburrean. 
6-
 Erize, X., Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa: euskararen
 historia soziala irauli zuen Xabier Erizek lan honetan. Paradigma 
aldaketa ekarri zuen. Bere lana atera arte, euskararen historia soziala 
atzerakadaren historia zen, galeraren historia. Bere ustez, ordea, 
harrigarria da euskarak gaur egun arte iraun izana. Eta horien zergatiak
 bilatzen ditu. Bere ustez, ez euskaltzaleen lana, ez isolamendua ez 
dira gai iraupena azaltzeko. Bizitasuna da bere ustez gako nagusia. 
Historia sozialaren ikerketan nire ustez mugarri ederra paratu zuen 
Erizek, nahiz eta egia esateko gutxi izan diren gero bidexka horretatik 
abiatu direnak.
7-
 Xamar, Orekan. Herri eta hizkuntzen ekologiaz: dibulgazio lan ederra. 
Euskal Herrian eragin gehien izan duen autorea euskaraz eta era 
dibulgatiboan ekarri zigun Xamarrek, bere lan gogoangarri honetan. 
Ezinbestekoa euskarazko soziolinguistika ulertzeko.
8-
 Xamar, Euskara jendea: euskararen historia sozialari buruz egin den lan
 mardul eta dibulgatiboena, benetako luxua. Euskararen historia 
euskaldunon historia da, ez lurralde baten historia. Gure historia gure 
begietatik, euskaldunon begietatik egiten du Xamarrek. 
9-
 Intxausti, J. Hizkuntzen aldeko mugimendu sozialak: Kataluniako, 
Quebeceko eta Euskal Herriko hizkuntzen aldeko mugimendu sozialak 
aztertu zituen EHUk ikastaro batean eta han esandakoak liburu batera 
ekarri zituen gero. 
10- Odriozola, J.M, Soziolinguistikaren atarian:
 Joxe Manuel Odriozola izango da Euskal Herrian soziolinguistikari buruz
 gehien argitaratu duen pertsona (liburu zein artikuluak). 
Soziolinguistikaren atarian jarri gura gaitu liburu honek (nahiz eta 
egileak aitortzen duen ez gaudela egoera horretan). Soziolinguistikako 
barrunbeetan argitxo batekin abiatzeko lan ona da honako hau.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: