Zerrenda bakarra.
Azken asteotan zerrenda bakarraren inguruan asko idatzi da. Batzuk Nafarroako Gobernuak zerrenda bakarraren alde agertu duen borondate politikoa txalotu dute; beste batzuk ordea, kontra erasoa prestatu dute.
Baina zertaz ari gara? Espainiar Estatuan, bi hizkuntza ofiziala dituzten komunitate autonomo gehienetan, irakaskuntzan lan eskaintza publikoa egiterakoan, lan eskaintza publikoan parte hartu behar dutenek espezialitateka izena ematen dute. Maisu maistren kidegorako lan eskaintza bada, parte hartu nahi dutenek lehen hezkuntzako espezialitatetan izena emango dute: musikan, ingelesan, soinketan, haur hezkuntzan, lehen hezkuntzan, .... Gehienetan idatzi dut, salbuespena baitago: Nafarroa. Nafarroan musikan parte hartu nahi badut, elebakarra banaiz musika gaztelerazkoan izena emango dut, baina elebiduna banaiz, euskaraz edo gazteleraz hautatu beharko dut.
Diskriminazioaz, Vascuenceren legeaz, politika klientelarraz, ... horretaz guztiaz sarritan hitz egin dugu eta nahi izanez gero, jarritu dezakegu, baina eztabaidan bestelako osagaiak sartu behar ditugulakoan nago.
Urteak dira, batzuk zerrenda bakarraz mintzatzen hasi ginela, arestian aipatutako arrazoiak erabiliz. Garbi genuen, horren atzean ez zegoela soilik irakasle elebidunen eskubideen zapalketa; ez, erasoak haratago apuntatzen zuen. Egunen batean, Nafarroan aldaketa soziala ekar lezakeen aldaketa politikoa gauzatuko balitz, balizko aldaketa sozial horren hari mutur bat, hezkuntza-hizkuntza, ongi korapilaturik izatea klabea izan liteke, aldaketa ahalik eta gehien atzeratzeko. Izan ere, Nafarroan hezkuntza-hizkuntza esparruan badira UPN-PP-PSN blokearekin bat egiten duten sindikatua (CCOO) eta alderdia (I-E).
Une honetan arras garantzitsua da kalean mobilizatzea, azken urteetan hezkuntzan jasandako atzera urratsei buelta emateko zein zerrenda bakarra dela eta, Gobernuak hartu duen erabakia babesteko eta I-Uren jarrera salatzeko.
Abenduak 21ean, Parlamentuan, zerrenda bakarraren aurka PSNk aurkeztutako lege proposamena eztabaidatu egingo da. Dagoeneko, PPk, UPNk eta E-Ik azaldu dute babesa eskaini diotela PSNren lege proposamenari.
Egoera horrelakoa egonik, nik uste auzi hau argi luzeekin begiratzen hasi behar dugula, eta eztabaidan elementu berriak sartu. Sokatira jokoaren irudia erabiliz, eztabaidaren erdigunea zerrenda bakarraren aurkakoen eremuan zegoela, Nafar Gobernuak iragarritako borondatearen joaldiarekin erdigunea zerrenda bakarraren aldekoengana mugitu ondoren, PSNk aurkeztutako legearekin erdigunea berriro euren zelaira joan da. Horregatik, legea babesteko borondatea agertu duten horiek presionatze aldera, abenduak 21a bitartean kalean egon behar dugu. Baina horrekin batera, zerrenda bakarraren aldeko posizionamenduan beste aurrera urrats inklusiboa eman behar da. Batetik, bere burua euskaldundu nahi duten irakasle finko elebakarrak irakasle elebidunak bilakatzeko aurrekontu nahikorik aldarrikatu behar dugu, eta bestetik, irakaskuntza publikoko lan eskaintzetan eskainiko diren lanpostu guztiak euskaraz izatea aldarrikatzen hasi behar dugu.
Eztabaida honetan, sokatira jokoan bezala, orain arte aintzindariak izan direnei joaldi berria ematea dagokie.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: