Testamentu bitala

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2022-11-20 21:15

Orain dela pare bat hilabete, lagun batzuekin elkartu nintzen. Elkar ezagutu genuenetik urtero,  bizpairu aldiz geratzen gara, paseotxoa eman,  bazkaldu, eta batez ere, asko hitz egin. Dagoeneko laurok jubilatuta gaude, eta horrek, adinak,  neurri handi batean markatzen ditu gure hizketaldiak. Ez diogu ezeri iskin egiten, denetaz mintzatzen  bait gara.

Oraingoan,  batek kontatu zuen testamentu bitala egina zuela, eta idazkiaren kopia eskuratu arte eginiko ibilbidea. Berak oso argi zuen, testamentu bitala euskaraz egin  nahi zuela. EAEn, Osakidetzako osasun etxeetan egin behar da, norberak bere medikuaren aurrean, baina, euskaraz nahi izanez gero, kontua konplikatu egiten da, baina euskararena beste kupelako sagardoa da, eta beste egunerako utziko dugu. 

Horretaz jardun ginen, garaiz eta ongi gaudenean, gure erabakiak guk geuk hartzeaz, eta testamentu bitalari dagokionez, guk esatea noiz eta zein baldintzetan nahi dugu azken bidaiarako txartela hartzea. Egia esan, besteek hitz egin  zuten, nik ez bait nuen ezertxo ere adierazi. Azkenean bai, aitortu nien, heriotzaren kontuek yuyua ematen didatela, horretaz hitz egiterakoan erosoa ez naizela sentitzen, nahiz eta, azkeneko urtetan aitarekin denbora ematerakoan, aitarekin egunak pasatzerakoan, modu zuzenean ikusten ari naizela,  bidaiaren amaiera gero eta gertuago dagoela, eta hori, nahi eta nahi ez, laguntzen ari zait, heriotzari beste begiez begiratzeko, eta gero eta argiago izateko, hobe norberak erabakiak hartzea, eta marroi hori oinordetzan ez uztea. Baina, hain ongi barneraturik dudan teoria praktikara eramateko, alegia, testamentu bitala egiteko, oraindik ez nago prestaturik. Badakit egin behar dudala, baina ... 

 

 


Utzi iruzkina: