Prozesuek aurrera jarraitzen dute.
Badira bi hilabete azkeneko artikulua idatzi nuenetik. Bi hilabete luze hauetan hamaika gai zein arrazoi izan dira idazteko, baina bai hango bai hemengo prozesuek gogaitu naute. Katalunian, hegemonia lehian ari diren alderdiek herria, nazioa, bigarren mailan ipini baitute, eta Euskal Herrian behin eta berriro EAJri begira ari garelako.
Katalunian aste honetan inbestidura saio berria izango dugu. Hasieran Presidentegaia Puigdemont, ondoren Sanchez, geroago Turull, eta berriro Sanchez. Gaur asteartea da, eta oraindik ez dago jakiterik Pablo Llarena epaileak Sanchez baimenduko ote duen Parlament-ean egon ahal izateko. Beraz, instituzioen karrilean aste honetan mugimendurik izango ote dugun oraindik ezezaguna dugu, mugimendua izan dadin lehenengo urratsa Pablo Llarena epailearen esku baitago, eta ondo dakigu irizpide juridikoen gainetik irizpide politikoak daudela, eta dagoeneko Espainiar estatuaren makinaria baloratzen egongo da zein den hobekien datorkien erabakia. Aurreko ostiralean, apirilak 6an, Alemaniatik kolpe juridiko latza jaso ondoren, Katalunia/Espainiar estatuaren arteko joko zelaiaren erdigunea kataluniar errepublikazaleen aldera mugitu da, eta horren jakitun izanik Espainiar estatuak ebatziko du Sanchezena. Zaila da asmatzea unionistek zer egingo duten, arrazoi ezberdinengatik PPkoak oso une gogorrak pasatzen ari baitira: ustelkeri kasuak, masterren auziak, Puigdemonten extradizioaren aurkako erabakia, pentsionisten protestak, ... Orain gutxi arte Espainiar estatuak behar zuenean Euskal Herria kolpatzen zuen, kolpeak erreditoak ematen zizkiolako. Egun Euskal Herriaz gain Katalunia ere badu, eta behar izanez gero, bata edota bestea kupidarik gabe erabiliko du.
Jendartearen karrilean berriz mugimenduak etengabe ari dira: CDRen ekintzak, datorren iganderako, apirilak 15, deituta dagoen manifestazioa, Kataluniako paisaian nonnahi ikusten diren horiak, ....
Euskal Herrian ordea, egun batean zein bestean ere EAJri eginiko keinuak ikusi eta entzuten ditugu, nire ustez antzuak diren eta epe laburrean izango diren keinuak. Eskerrak, eszenatiko honetan baikorrak izateko sintomeak ikusten hasiak garela. Batetik, pentsionisten mobilizazioak, eta bestetik martxoak 8ko greba feminista. Biek ala biek aurretik lan ikaragarria egina dute; biek ala biek oraindik bide luzea egiteko badute ere, haize freskoa dira prozesu sozial eta politikoa ibili nahi dugunontzat.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: