Prozesua
Asteburu honetan Euskal Herrian badira 3 hitzordu, gurean prozesurik ote dagoen, eta egotekotan duen osasun maila baloratzeko lagunduko digutenak.
Gaur arratsaldez Bilbon eta bihar goizez Iruñean mobilizazioak iragarrita daude 155. artikuluaren aplikazioa eta atxiloketak salatzeko, eta demokrazia aldarrikatzeko.
Bihar 13 herritan (Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandio) Gure Esku Dagok galdeketak egingo ditu.
Bi gertaera hauek, mobilizazioek eta galdeketek, ebaluazio une garrantzitsuak izango dira jabetzeko orain arte eginiko bidea nolakoa izan den, eta baita Kataluniako procés-ak prozesuan eraginik duen, eta noraino. Denbora edukiko dugu hitzordu hauek aztertzeko! Bitartean nik gogoeta batzuk partekatu nahi ditut.
Mobilizazioei dagokienez, inboluzio eta eraso bakoitzaren aurrean egin beharrekoak direlakoan nago, baina eskema zaharrek eskema berriei bidea eman behar diete, protagonismoa herrietan eta herri eragileen eskutara igaro behar da. Bilbon eta Iruñean mobilizazioen deitzaile nagusiak alderdi politikoak eta gehiengo sindikala dira, mobilizazio garrantzitsuak izango dira, baina eliteek prestatzen dituzten mobilizazioak dira, non herritarren lana kaleak betetzea izango den, eta nire ustetan prozesuak aurrera egitea nahi baldin badugu, herritarrok protagonismo handiagoa eduki behar dugu, herrietan antolatuta egon behar dugu, protagonista izatera pasa behar dugu, eta DENON ARTEAN bide orria idazten hasi behar dugu, denon artean bide orri hori partekatu behar dugu.
Katalunian herria eta heri eragileak dira motorea. Katalunian sindikatoak ez dira izan eta ez daude lehenengo lerroan. Euskal Herrian berriz, herritarrok ez gaude nahiko aktibaturik baina badugu sindikalgintza prestigioduna eta agian sindikalgintza hori izan daiteke prozesuaren oinarrietako bat. Iragan irailean ELA eta LAB, LAB eta ELA sindikatuek "aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde" adierazpena aurkeztu zuten. Adierazpena interesgarria, eduki potoloekin, proposamenak eta konpromisoak biltzen zituena. Dudan sentsazioa da prentsaurrekoa egin zen egunean bertan ibilbiderik gabe geratu zela, oraindik ezagutzen ez dugulako adierazpena gauzatzeko bi sindikatuk proposatzen duten bide orririk, proposamenak eta konpromisoak inplementatzeko neurririk.
Biharko herri galdeketak ere termometroa izango dira. Ikusiko dugu ea parte hartzea handiagotuko den, Kataluniatik datorren haize freskoa guganaino iritsi ote den, ilusionatuagoak garen, ...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: