Procés-a eta mendia.
Orain arteko Kataluniako procés-a milaka azpiprocés-ez osaturik egon da, eta horrela izaten jarraituko du. Horrek hango aktoreengan, eta handik kanpo gaudenongan sortzen dizkigun abiadura sentsazioak, antsietateak asko eta anitzak dira. Azpiprocés horietan ematen diren bataila guztiak hil ala bizikoak balira hartzen dira, gerta daitekeen atzera urratsa bakoitza inoiz errekuperatuko ez balitz bezala. Hala ere, egunero ezusteek harrapatzen gaituzte, soberanistek egoera berriak asmatzeko agertzen duten gautasunari esker.
Askotan nik procés-a mendiarekin alderatzen dut. Sarritan gertatzen da ibilbidea ondo aztertu ondoren, ager daitezkeen arazoetaz gogoetatu ostean, egingo duen eguraldia kontuan hartuta, gailurra gertu gertu duzula atzera egin behar izaten duzu, azken metrotako pasabidea oso garbi ikusten ez duzulako, edo zurekin doan lagunak txorkatila bihurtu duelako, edo eguraldia lagun izanik argazkiak ateratzen denbora asko eman duzu, eta konturatzen zarenerako hobe duzu atzera egitea, laster batean ilunduko delako. Horrelakoetan gehienetan azken momentu horretan hartutako erabakiaz geratzen zara, eta horren araberako balorazioa egiten duzu, ibilbide osoan ikusitako koloreak, entzundako soinuak, barneratutako usainak, lagunekin izandako elkarrizketak, norberaren bakarrizketak ahaztuz. Gailurra hor bertan zegoela, atzera. Zuretzat gerta daiteke beste aukerarik ez izatea, baina, beste batzuk etorriko dira eta zure eskarmentua probestuz, berriro saiakera egingo dute.
Procés-ean, aurreko paragrafoan azaldutako irudiak maiz ikusten ditut. Atzo berria zena, gaur zaharra da; atzo lehenego lerroan ziren pertsonak gaur hirugarrenera igaro dira. Baina mendiak bezala, procés-ak hor dirau.
Une honetan procés-aren errelatoaren batailan, Espainiar Estatuarentzat oso garrantzitsua da uneoro saiatzea azaltzen, katalanek ahaztu behar dutela mendi garai horren gailurra zanpatzeko duten gogoa, talaia horretatik ez baitago merezi duen bistarik. Gailur horretara iristekotan, pobrezia, haustura soziala, isolamendua, ... aurkituko dutela. Mendizalea ez denak mendira zergatik joaten garen ulertzen ez duen bezala, Unionistek ezin dute konprenitu Katalanek dagoeneko erabaki dutela Espainiar Estatuarekiko nahi duten hartu emana, berdinen arteko harremana dela. Eguraldia lagun ez dutela, hor ari dira mendira nola joango diren aztertzen, taldean edo bakarrik, bide berdinean edo helmuga bera duten bide paraleloetan, motxila arineekin edo astunekin, bota zaharrekin edo berriekin, ...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: