Oso latza izan da.
Oso latza izan da. Hauek izan omen ziren Joseba Arregiren azkeneko hitzak hil aurretik. 1981eko otsailean gaude, eta handik egun batzutara Donostiako udal aretoan, garai hartako Herri Batasunako zinegotzia zen Felix Sotokk irakurri zituen urtarrilak 29an, nire urtebetetzean, Altzan atxilotuak izan ziren Fernando, Koldo eta Titoren torturen testigantzak. Ez nekien, handik gutxira, uztailak 2ko goizaldeko ordubiak aldera polizia nire bila ere etorriko zela.
Nire bizitzaren pasarte hau ia beti lozorroan eduki dut; igaro diren 35 urte luze hauetan oso gutxitan horretaz mintzatu naiz, baina atzo interneten ari nintzela, irakurri nuen Jaurlaritzaren eskariari erantzunez EHUko Kriminologia Institutuak 1960-2014 aldiaz burututako azterketan, 4113 tortura kasu identifikatu egin dituela. Albiste horrekin oheratu nintzen, erraiak mugituta, eta egia esan, lokartzea kostatu zitzaidan. Gaindituta zeudela pentsatzen nituen irudiak, bata bestearen atzetik agertzen zitzaizkidan, emozioak borborka, begiak bustita. Eguna ere, hala eman dut, ikutua.
Goizeko ordubiak aldera izango ziren eta polizia ate joka genuen. Gure ama zena ateraino joan zen, zein zen galdetu, eta nik lo egiten nuen egongelara etorri zitzaidan, zer egin behar zuen itainduz. Atea zabaltzeko esan nion. Dozena bat lagun etxera sartu ziren, paisanoz, eta etxean ginen guztiok ohetik altxarazi gintuzten: lau anai arrebak eta ama. Arreba zaharrena ordurako kanpoan bizi zen eta aita itsasoan. Egon gelan bildu gintuzten, beraiek etxeko txoko guztien miaketa egiten zuten bitartean. Anai arrebetan gazteenak 14 urte zituen, eta poliziek nahi zuten ondoko etxera eramatea, hango eszenak ikus ez zitzan. Arreba gazteenak esan zien ezetz, anaia gaztea bertan geratuko zela. Ez dakit zenbat denbora emango zuten etxean, baina arakaketa amaitu zutenean bi lekukoen bila joan ziren: aldamenean bizi zen osaba Jesus, eta gure azpian bizi zen osaba Joseantonio. Oso ondo oroitzen dut, etxetik atera behar ninduten momentua: osaba Joseantoniok esan zien taxista zela, eta haien atzetik joango zela ni etxera bueltan ekartzeko. Lasai egoteko erantzun zioten.
Kotxeak, Oletako plazako plataneroen azpian zituzten. Kotxe batean sartu, makurtarazi eta lehenego galdera:
-Martin ezagutzen al duzu? Hor hasi ziren lehenego kolpeak, buruan. Konturatu orduko, garage batean ginen, eta handik gela batera. Gela hartan kartera, erlojua eta lokarriak kendu eta eskailera batzuk jaitsi ondoren, ziegak zeuden sotora eraman ninduten. Ziegan bakarrik nengoela, neure buruari galderak egiten hasi nintzaion: non nagoen, zeinekin egongo naizen, ...
Ez dakit zenbat ziegak egongo ziren soto hartan. Dakidana da, ziega haiekin batera, sotoan komunak zeuden, eta goardia egiten zuen poliziaren mahaia. Mahaiaren gainean telefonoa zegoen. Ziegako hormak azulejo karratu txikiz estalita zeuden, urdin kolorekoak. Atea barroteduna zen. Noizbehinka telefonoak jotzen zuen, eta handik gutxira ziega bateko atea zabaltzen zela entzuten zen. Hasierako egunetan, ziegara bueltatzen nindutenetik berriro nire bila joan arte hiru telefono deia entzuten nituenez, ondorioztatu nuen han lau lagun ginela. Geroago jakin izan genuen, bezperan zarauztar bat atxilotua izan zela. Deien sekuentziak horrela bizi izan nituen: deia hori ez da niretzako. Hau ere ez. Beste bat geratzen da. Hurrengo bai, nire txanda izango da, eta gero eta urduriagoa, gero eta beldurtiagoa. Baina hirugarren egunerako ordurarteko ordena aldatu zuten, eta telefono deia bakoitzean bihotza ziztu bizian jartzen zitzaidan.
Lehenengo galdeketetan galdera bakarra zen: - armak non dituzue? Galderekin batera muturrekoak, pistolarekin mehatxuak, irainak (nirekiko, lagunekiko, familiarekiko). Auki batean eserita edukitzen ninduten. Horrela ezer atera ez zutenez, beste gela batera eramaten hasi ziren. Lurrean koltxoia zuen gelara. Han etzanarazi, barrabilak heldu, eta barrabilak jira ta jira. Oinazea ikaragarria zen. Gutxienez behin gainean pixa egin nuen. Beraiek zerbait esateko edo jarraituko zutela. Eta horrela bosgarren gaua arte. Ordurako nik uste, beraiek bazekiten han ez zutela ez armarik, ezta komandorik ere, baina lau egun ondoren ezin gintuzten kalean libre utzi. Gau hartan, uztailak 5eko gauan, esan zidaten bi aukera nituela, edo eurekin mintzatzen hastea, edo Donostiako Gobernu Zibileko areto batean, goizean Oiartzunen atentatuan hilda suertatu zen goardia zibil baten beilan ari ziren goardia zibilen esku utziko nindutela. Eta txantxetan ari ez zirela adierazteko, bertara eraman ninduten. Nik eurekin hitz egingo nuela esan eta galdeketak egiten zituzten gelara itzuli ginen. Minutu eskas batzuetan sinesgarria zen historia asmatu nuen, asmatu eta esan.
Garai hartan Herreran Goardia Zibilen koartela zegoen, eta bertan ziren goardien zereginetako bat zen Pasaiako portuko aduana zaintzak egitea. Portura joateko gure etxe aurretik pasatu behar izaten zuten, eta gainera haietako bat gure auzoan bizi zenez, honen gaineko mugimenduen berri emana nuela deklaratu nuen. Segituan idatzi zuten, sinatu eta ziegara. Hura izango zen Donostiako Gobernu Zibileko ziega hartan emango nuen azkeneko gaua, baina ez nekiena zen, gau hartan ezustea edukiko genuela. Izan ere, beilan zeuden goardia zibil batzuk, paisanoz jantzita eta mozkortuta, sotora jaitsi ziren, eta ziegen aurretik pasatzen ibili ziren, mehatxuka, pistola eskutan tirokatuko gintuztela esanez, goardian zegoen poliziari ziegetako giltzak eskatuz, ... Eszena horrek zenbat iraungo zuen ez dakit, baina amaituezina iruditu zitzaidan.
Biharamunean, Gobernu Zibileko aparkalekuan lehenego aldiz elkar ikusi genuen Bixente, Tito eta hirurok. Bixente eta biok kotxe batean, eta Tito beste batean. Atzeko eserlekuetan gu biok, aurrekoetan berriz, bi polizi, paisanoz jantzita. Gidariaren ondoan zihoanak, eskopeta ebakia zeraman.
Madrilen, "Puerta del Sol"en zegoen komisaldegian beste lau gau eman genituen, seguru asko gure barrabilen egoerak hobera egin zezan. Hemen ziegetatik soilik atera gintuzten bertan dagoen erlojuan argazkia ateratzeko, eta komisaldegian zegoen medikuarengana eramateko.
Uztailak 10ean, Auzitegi Nazionalera, epaile aurretik pasa, bertan epaileari jasotakoaren berri eman, eta Auztegi Nazionaleko ziega batean hirurok elkartu gintuzten. Hura momentua. Hirurak batera hitz egiten, elkar besarkatzen.
Urtebetera egin zen epaiketan hirurok libre atera ginen.
Pasa diren urte huetan guztietan, gure artean horretaz ez dugu hitz egin. Informe ofizialean agertzen diren 4.113 tortura kasu horietan ez dakit nirea agertuko duen, baina Titorena eta Bixenterena ez dira egongo. Tito ez zen enteratuko Kriminologia Institutua horretan ari zela, eta Bixente, 2011n, bihotzekoaz hil zelako. Bixen, zauden tokian zaudela, musu handi bat!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: