Oasia aldatzen hasia al da?

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2021-01-24 18:17

Sabin etxekoei kezkati egoteko arrazoiak ez zaizkie falta. Ni haietakoa banintz, honez gero auzia linmologo baten esku utzia nukeen. Izan ere, gero eta zantzu gehiago daude pentsatzeko,  Oasi horretan zerbait gertatzen hasia dela.

Azken urteotan, behin baino gehiagotan, prentsara jauzi egin dira hango eta hemengo instituzioetako kargu batzuen iruzur kasuak. Famatu egin dira, Osakidetzako OPEetan izandako irregulartasunak, eta horiek erakarri dute dimisio katea. 

Hamar egun barru, otsailaren 6an, urtebete Zaldibarko hodakindegian lubizia jazo zela. Enpresari batzuen diruzalekeria eta politikari batzuen axolagabekeria elikatutako hondakindegiak, behera egin zuenean, bertan zeuden amiantoa eta beste sustantzia toxikoekin batera argitara atera zuen jeltzaleek kudeatzeko duten eredu kirasduna. Une horretan alarma argia piztu egin zitzaien, herritarren artean, nagusiki hondakindegiaren inguruko herrietan, ezinegona, amorrazioa, oso handiak baiziren. Hondamendi ekologikoak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen bizitzak betiko eraman zituen, eta egun, oraindik orain, Joaquinen gorputzak agertu gabe jarraitzen du.

Otsailaren 6 hartan inork gutxik pentsatuko zuen, Txinan sorturiko birus hura berehala gure artean izango zela, eta ordura arte soilik pelikuletan ikusitako gertaerak nozituko genituzkeela. Baina, hala izan zen, eta Zaldibarkoa gure medioetatik desagertzen joan zen. Eskerrak, hainbat lagun lanean jarraitu zutela, eta oraindik gertakariak argitzeko eta erantzukinak galdegiteko sugarrak pizturik mantendu dituztela. Bejondiela!

Arestian esan moduan, birusa etorri zen, eta gure bizitzen filmaren gidoia arras aldatu egin da. Hasieratik, birusa kontrolpean izateko gure agintariak murgildu ziren, eta denbora zehar birusa gerarazteko estrategia ezberdinak ezarri dituzte. Agintariek ezarri, herritarrok bete, neurri handi batean otzan otzan. Baina, laster urtebete birusa gure artera agertu zela, herritarron artean nekadura ageria da. Hilabete asko igaro dira, eta itxura guztien arabera, honek luze joko du. Birusa berria zenez, inork ez zekien birus honi nola aurre egin, ez zegoen botika propiorik, ezta txertorik ere. Horregatik, hastapenetan herritarrok ulerkorrak izan gara gure agintariekin, baina denbora pasa ahala, honek guztiak azaleratu egin du Osakidetza ez zela, gure aginteriek eraiki duten iruditegi horretan agertzen den Europan puntarik puntanean aurkitzen den osasun zerbitzua. Hasieran, osasungintzako langileak babesteko material nahikorik ez zegoen, konturatu ginen ZIUko oheetan, urrun ginela Alemanian duten ohe kopurutik,  ez genuen ulertu Unibertsitate Publikoak asmatutako birusa detektatzeko frogak zergatik albo batera utzi ziren, ... Neurrietan, ez da pedagogiarik egin herritarrokin, eta oso zaila da hartzen diren neurriek zeri erantzuten dioten ezagutzea, zergatik orain herritarrok neurriekin hestutu, eta handik gutxira neurriak lasaitu, ...

Urtarrilean Osakidetza txertoa ipintzen hasi da, eta dagoeneko txertoa jartzeko prestatu duten protokoloa hamaika aldiz ez dute bete, eta protokoloa bete ez dutenen artean jeltzale ezagunak ageri dira. Julen Murgiotiok urtarrilak 24ko Garan idatzi zuen artikuluan zioen bezala, "Jelkideen garai bateko birus zaharraren aldaera hedatuz joan da han-hemen ... honen inzidentzia metatua alderdia eremu gorrian utzi arte".

Birus zaharrak hedatzen segitzen du, eta dagoeneko Oasiaren ekosistema osora zabaldu egin da: Jeltzaleek gobernatzen duten eta gobernatu izan duten hainbat udaletan iruzur kasuak; Osakidetzako OPEa; Zaldibarko hondakindegia; jeltzaleen orbitapeko enpresari batzuk epaitu ondoren zigortuta; COVID 19ak sorturiko egoeraren kudeaketa; txertoen afera; ura kantitate handiz xurgatzen duen eta bioaniztasunari kalte handiak eragiten dizkion eukaliptoen landaketa masiboak; ...  

Honen guztiaren aurrean, joku eskema ez dute bat ere aldatu: errua besteena da, eurek dena ondo egiten dute. Iruzurra salatzen dela? Horiek oposizioaren maniobrak direla alderdia zikintzeko. OPEtan irregulartasunik? Ezta pentsatu ere. COVIDaren aurkako kudeaketan baliabide gehiago behar direla, osasungintzako langileen kontratazio berriak egin behar direla? Egoeraren erantzuleak neurriak zorroztasunez betetzen ez dituzten herritarrak dira. Momentuz, ez dute beharrik izan joku eskeman aldaketarik egiteko, uste baitute betiko defentsa bitartekoekin nahikorik dutela, haien zerbitzupera medio publikoak eta ertzaintza baitituzte, medioek Sabin etxeko faktorian idatzitako ideiak barreiatzeko, eta euren polizia arretaguneak desbideratzeko.

Ni haietakoa banintz ...

 


Utzi iruzkina: