Korsikaren aro berria.
Atzo martxan ipini zen Korsikako Lurralde Elkargoa. Erakunde berrian lehendakaria izango denak, Gilles Simeoni, bere diskurtsoan bi ideia nagusi azpimarratu zituen: herri berri bat eraikitzea eta Parisekin akordio politiko negoziatua erdiestea. Ikusi behar da zein izango den Parisek emango duen erantzuna.
Hauteskundeak irabazi bezain pronto nazionalistek eginiko hiru eskakizuni (korsikeraren ofizialtasuna, amnistia preso politikoentzat eta erresidente estatusa) Parisek eman dien erantzuna negargarria izan da: ezinezkoa, konstituzioak ahalbideratzen ez duelako. Korsikako nazionalisten erantzuna berehala etorri zen: Ba konstituzioa alda dezagun.
Atzoko Simeoniren diskurtsoan garbi geratu zen Korsikako nazionalistek zero momentutik borondatea dutela Frantziar Estatuarekin akordioa lortzeko, eta horren aurrean, Frantziar Estatuak bi aukera baino ez ditu: negoziaziorako eta akordiorako bidea hautatu, edo Espainiar Estatuaren ezezko eta inposizio jarreran babestu.
2018. urtean korsikarrek bi gertakari hurbiletik jarraituko dute: lehena, Kaledonia Berrian egingo den galdeketa, non erreferendumaren bidez erabakiko dute ea estatu berria osatuko duten; eta bigarrena, Parisek euskal preso gainean hartu beharko duen erabakia*. Dudarik gabe, bi gertakari hauek eragina izango dute Korsikako bizitza politikoan.
* euskal preso gainean Parisek hartu behar duen erabakiaz, egun akordiorik ez badago ere, gertatuko denaren ziurtasunaz idazteak badu bere balioa, gertakari hori ikusgarriagoa egiten baita, eta hori horrela izan dadin norbera lotuagoa geratzen da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: