Horregatik EAEko lehendakari jauna, doluminak baino gehiago behar dugu.

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2020-03-19 15:33

galdaramiño 1584633571045

Bazkaltzen ari nintzela, EAEko lehendakariaren adierazpenak entzun izan ditut, Koronabirusaren hedapenaren gainean. Beste datuen artean 52 urteko erizain baten heriotzaren berri eman, eta bere doluminak agertu ditu. Baita, osasungintzako langileen zeregina aitortu ere. Nik, lehendakariaren baimenaz, aitortza hori kale garbiketako, elikadura kateko, zaintzako, ....., langile guztiei luzatu nahi diet.

Lehendakari jaunari gogoratu nahi diot osasungintzako langileak zein sektore askotako beste langileak ere kexu direla; ez egoera honetan lan egin nahi ez dutelako, ez, lehenakari jauna, kexu dira euren lana segurtasunez egin ahal izateko babes neurri nahikorik ez dutelako. Eta bitartean herritar batzuk HILTZEN ari dira. Tamalez, zuek iragartzen ari zareten neurriak, baliabide gehiago eskuratzeko neurriak, batzuentzat berandu iritsiko dira.

Martxoak 1eko prentsan, Osasungintzako sailburuaren, Nekane Murga, adierazpenak irakurri nituen: "Birusari ez zaio garrantzirik kendu behar, baina prestaturik gaude". Gaur martxoak 19 ditu, eta garbi dago une hartan sailburuak ezin imajinatu 19 egun geroago nola egongo ginatekeen: 1.190 kasu positibo; 455 pertsona ospitalizaturik eta 53 pertsona hilda. Eta hau da osasun esparruan dugun argazkia. Fokoa jendartera zabalduz gero, orain arte soilik fikzioan ezagututako irudiak agertuko zaizkigu.

Baina buelta gaitezen hainbat langilek egin dituen salaketara: baliabide nahikorik ez, babes neurri eskasak. Ba al du honek guztiak 2008. urtean hasitako krisi ekonomikoarekin loturarik? Zerbitzu publikoetan oro har, eta zehazki, osasungintzan eta zaintzan sisteman, izandako murrizketek ba al dute erlaziorik osasungintzan eta zaintza sisteman bizi dugun baliabide eskasekin? 

Gaztea zarenean horrelakoak urrun ikusten dituzu, baina adinean aurrera joan ahala distantzia gutxitu egiten da, eta badakizu edozein gazteak baino txartel gehiago dituzula birusak bisita egin diezazun. Are gehiago gaixotasun kroniko batekin bizi bazara. Badakizu, nahi ez duzun bisita hori ailegatzen bada ospitalean amaitu dezakezula, eta espero duzu ongi artatua izatea, zurekin egongo diren osasugintzako langileek babes baliabideak izatea babes neurriak izateko, eta zuretzat eta beste gaixoentzat balaibide nahikorik edukitzea. Baina agian, azken urteotan batzuk hartu dituzten erabaki politikoengatik gerta daiteke balaibide aski ez izatea, ez osasungintzako eta zaintzaetako langileentzat, ezta artatu behar dituzten herritarrentzat ere.

Horregatik EAEko lehendakari jauna, doluminak baino gehiago behar dugu.


Utzi iruzkina: