Gutxi batzuen normaltasuna.

galdaramiño 1510776498689 El procés | 2020-04-19 23:37
1

Bloga zabaldu nuenean, bere izenburuak aditzera ematen duen bezala, Katalunian abian zegoen prozesua hartu nuen hizpide. Hilabeteak igarota, Euskal Herriko prozesuaz iritziak ematen hasi nintzen, eta orain COVID-19 gaitza dela eta, bizitzaz hitz egitera pasa naiz. Azkeneko garai honetan, Euskal Herrian, gure prozesuaz mintzatzerakoan pertsonak, herritarrak, erdian jarri ditugu, prozesua egongo bada, herritarron eskubideak bermatuko ditugulako izango da, edo ez da izango. Ekonomia, gehienon zerbitzura, edo gutxi batzuen zerbitzura. Gutxi batzuen zerbitzura bada, gehienon eskubideak ez dira bermaturik izango, herritarron bizitzak ez dira lehentasunak izango, gutxi batzuen poltsikoak baizik.

Gure osasungintza sistemak ez badu gainezka egin, oso gutxi falta izan zaio. Birusari aurre egiten husten ari da, eta kontrolpean izaterakoan, osasun sistemak baliabide gehiago beharko ditu, pertsonak eta materialak, honek iraungo duen bitartean egin behar ziren/diren  kontsultak, ebakuntzak, trataerak, ..., burutu ahal izateko. Eta une horretan, jendarte bezala erronka handia edukiko dugu, ikusiko baitugu ea honengatik guztiagatik ezer ikasi dugun ala ez. 

Larrialdi klimatikoa, erregai fosilen menpekotasuna, turistifikazioa, autoritarismoa, ...; horiek guztiak honaino ekarri gaituen ereduaren ADNren parte dira, gure bizitzak jo puntuan dituen eredua, lan desrregularizazioa behar duen eredua, gure bizitzen prekarizaziotik elikatzen den eredua, onura ekonomikorik sortarazi dezaken guztia ( ura, energia, osasuma, hezkuntza, zaintza, ...) pribatizatzen duen eredua.

Normaltasun berria nolakoa izango den inork ez dakienean, dakiguna da gutxi batzuen normaltasuna izan dela ataka honen aurrean baliabiderik gabe kokatu gaituena, pertsona zaurgarrienak arrisku bizian jarriz, eta horietako asko heriotzara kondenatuz. Gaur arte Euskal Herrian 1433 pertsona hil dira. 


Utzi iruzkina: